Finantza krisian Islandiak eta hango bankuek protagonismo itzela hartu zuten. Atzo, Europa iparraldeko aire garraioa seko baldintzatu zuen Islandiako sumendi baten erupzioak, hainbat aireportu ixteraino, tartean Heathrowkoa. Burtsan egun motela joan bazen, Islandiagatik baino gehiago izan zen Greziak zaintza berezien gelan jarraitzen duelako. 2.145 milioiren salerosketa izan zen Ibex-35en (+%0,17) akzioetan eta igoera txikiak nagusitu ziren, nola Europan hala gurean ere. Venezuelan lortu bilaketa baimena profitatu zuen Repsol-YPFk (+%1,11) eta %0,6na inguru igo ziren euskal blue chip-ak ere, BBVA eta Iberdrola. Azken horren %20 laster erdiestea espero du Florentino Perez buru duen ACSek (-%0,28); akzioko 6,5 euro balio ditu jada Gardokikoak. %1na pasa galdu zutenen artean FCC, Mapfre eta Gamesa izan ziren. Mozkin berrien zain daude oraindik txerritxo ehiztariak eta, bitartean, Islandia, Grezia edo nonahira begira.
Zardoya Otis (-%1,25) igogailu eta eskailera mekanikoen egileak 47 milioi irabazi ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, iaz epe berean beste. 241 milioiren salmentak izan ditu, aurreko urtekoak baino %4 txikiagoak. Negozioaren %90 Espainian izanda, bada zerbait.
Abertis (+%0,58) azpiegitura kudeatzailean %28 eta %25eko partaidetza dute La Caixa eta ACSek. Euren bazkide izango litzateken inbertsio funts baten eskaintza jaso dute gainera. Bitartean, Criteria (+%0,67) akzioko lau euroko irribarrera bidean da.
Islandiaren errua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu