Arratsalderako manifestazioa deituta zuen Gune plataformak, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ibilbidea aldatu diela salatu dute. Gainera, goizeko istiluak ikusita, arratsaldean gerta zitezkeenen ardura haiei egozteko asmoa zuela ikusita hartu du erabakia. Horren baitako zenbait eragile sozialek, baina, elkarretaratzea deitu dute Moyua plazan, eta jendez bete da: deitzaileek amaitutzat eman dutenean ere, bertan gelditu da jendea. Kapitalismoaren, troikaren eta NDFren aurkakoak ari dira oihukatzen: "Kapitalismoak hiltzen du", "FMI hiltzaile, Urkullu laguntzaile" eta "Troika kanpora" gisako aldarriak egin dituzte bertaratutakoek.
Goizean Bilboko erdigunean izan diren protestak itzali badira ere, arratsaldean gehiago sortu dira, oraingoan, Zazpikaleetan. Unamuno plazako BBKren egoitza apurtu dute, baita Zarakoa ere. Edukiontzi batzuk irauli dituzte, eta haietako bati su eman diote. Goizeko istiluak ikusita, hainbat dendek hesiak erdi itxi dituzte. 16:30ak inguruan hasi dira istiluak Zazpikaleetan, baina denbora gutxian baretu da giroa. Zazpikaleen inguruan, Solokoetxen eta Iturribiden, istiluak izan dira berriz ere. Guztira, Eusko Jaurlaritzako Segurasun Sailak jakinarazi duenez, zazpi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, "desordena publikoa, kalteak eta aginpideari atentatua" egitea egotzita; beste pertsona bat inputatu dute, eta 50 lagun inguru identifikatu ditu.
Agiri baten bidez, Gunek ziurtatu du goizeko mobilizazioak "arrakasta handia" lortu duela, "hamarna milaka pertsona" batu direlako "troikak gidatzen dituen politika latzak salatzeko".
Plataformak nabarmendu du ez duela inolako loturarik goizean gertatu diren istiluekin. "Guk deitutako legezko manifestazioaz baliatu egin dira beste pertsona batzuk, deialdiaren xedea ez ziren beste helburu batzurekin", argitu du.
Ertzaintzaren jarrera ere salatu du Gunek, eta manifestazioa behar baino lehenago bukatu izanaren ardura leporatu diete. "Manifestazioaren jarraipena galarazi egin du amaitzeko 250 metro eskas falta zirelarik. Ertzainen buruek manifestazio hasieran zihoaztenei erabaki hori jakinarazi dietenean deitzaileok amaitutzat eman dugu".
Bilboko udal gobernuak bilera egin du 19:00etan, izan diren istiluen gaineko balorazioa egin eta egoera aztertzeko.
Urkulluk istiluak gaitzetsi ditu
Bilboko istiluek, "justifikaziorik gabeko indarkeriarekin", kutsatu dituzte "nazioarteko politika ekonomikoen aurka legitimoki antolatutako protesta sozialak". Hala adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun kontseilariak ere ildo berean egin ditu adierazpenak. Kontseilariaren ustez Ertzaintzak eta gainerako segurtasun unitateek "momentu oro bermatu dute" goi bilera normaltasunez gauzatzea, baita aurrez deituta zeuden manifestazioak eta bilbotarren segurtasuna ere.