Europako Batzordeak isunak jartzeko mehatxuekin erantzun dio oraingoz Espainiako Gobernuak defizitaren murrizketaren harira botatako erronkari. Bruselarekin auzia nolabait konponduko duelakoan, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburua barrura begira jarri da, eta ohartarazi die autonomia erkidegoei aurten 15.000 milioi euroko murrizketak egin beharko dituztela.
Merkatuei begira zegoen atzo Espainiako Gobernua, jakin nahi baitzuen zein ondorio izan dezakeen aurten defizita BPGaren %4,4ra beharrean %5,8ra jaisteko promesa. Erantzuna ez zen hondamendia izan Madrilentzat. Izan ere, arrisku saria —Alemaniako hamar urteko bonuarekiko pagatzen den aldea—puntu gutxi batzuk besterik ez zuen egin dora, 311tik 315ra. Hori bai, lehen aldiz abuztuaz geroztik Italiaren arrisku saria Espainiarena baino txikiagoa da. Burtsan, Madrilgo Ibex indizea %1,28 galdu zuen, Europako beste merkatuaren halako bi.
Bruselak ez du begi onez hartu erronka. Egonkortasun Itunaren arabera, Espainia zigortzeko ahala duela gogorarazi zion atzo Amadeu Altafaj gai ekonomikoetarako bozeramaileak. Isuna BPGaren %0,2ra iritsi daiteke, ia 3.000 milioi euro Espainiaren kasuan. Zigor prozedurarik ez duabiatuko Europako Batzordeak, aurretik zehatz mehatz jakin nahi dituelako Espainiaren kontu publikoak zertan diren. Informazio hori eta 2012ko aurrekontuak apirilean izango ditu.
Edonola ere, Altafajek gogorarazi dio Espainiako Gobernuari defizita murrizteko konpromisoak bete behar dituela, eta hitza betetzeak sariak dituela gehitu du: «2010an espekulazio askok zioten Espainiak ere erreskatea beharko zuela. Ez zen gertatu, batez ere Espainiako agintariek helburuak bete zituztelako».
«Ez dut zertan paktua egin»
Epelago aritu da Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea: «Ziur nago Espainiak bere konpromisoak beteko dituela defizitari buruz». Konpromiso horiek zeintzuk diren zehaztean dago koska. Izan ere, Madrilek dio bete beharrekoa Egonkortasun Ituna dela, eta horrek diola 2013rako defizita %3tik behera egon behar duela. Kopuru hori lortzeko bidean iaz %6ko defizita eta aurten %4,4koa izango zuela agindu zuen aurreko gobernuak. Kopuru horiek sakratutzat jo ditu PPk oraintsu arte, baina mezua aldatu du, ohartu denean 2011.urtea %8,5eko zuloarekin bukatu duela.
Konpromisoak «hitzez hitz» betetzen dituelakoan, Raxoik ziurtatu zuen atzo ez duela EBrekin arazorik espero. Bere autoritatea aldarrikatze aldera, defizitaren mugak zehaztea berari dagokiola ziurtatu du: «Ez dut zertan [Bruselarekin] paktua egin; Parlamentu nazionalak eta biok ontzat jotzen duguna egiten dugu eta gero apirilean epaituko gaituzte».
Helburu berria zaharra baino errealistagoa izan arren, betetzea zaila izango zaio Espainiari. Badira jada ezinezkoa dela diotenak, Juan Rosell CEOE patronaleko presidentea esaterako. Gutxi gora behera 30.000 milioi euro aurreztea edo biltzea ekarriko du kopuru horrek. Espainiako gobernu zentralak eginda dauka etxeko lanen zati bat, urte amaieran errenta zerga igotzea erabaki zuelako. Lanik gogorrena autonomia erkidegoei dagokie, 15.000 milioiko aurrezkia egiteko beste aukerarik ez dutela gogoraziko die gaur Cristobal Montoro Ogasun ministroak, finantza politikako kontseiluan. Andaluziak eta Kataluniak gutxiago murrizteko eskatuko diote.
Isun mehatxuekin erantzun dio Bruselak Madrili
Aurten 15.000 milioi euroren murrizketak egin behar dituztela berretsiko die gaur Montorok erkidegoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu