Zorraren krisia. Italia

Italia, erreskatearen atarian

Merkatuak ez dira fio Berlusconirekin; Italiaren arrisku saria 574 puntura iritsi da, eta hamar urterako zorraren interesa %7,4raEuropak agindutako erreformak datorren astean bertan onartuko ditu Parlamentuak

2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Europako Batasunak exijitutako erreformak onartu bezain pronto kargua utziko duela. Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak herenegun iluntzean jakinarazi zion erabakia Giorgio Napolitano presidenteari. Merkatuak baretzeko nahikoa izango zela uste zuten. Baina ez, inbertsiogileak ez dira fio, aurretik ere emandako hitza behin baino gehiagotan jan izan duelako. Oraingoan Berlusconiren dimisioa nahi dute, benetakoa eta berehalakoa. Herrialdea finantza erreskate baten atarian jarriz adierazi dute haserrea.

Merkatuek herrialde baten kontu publikoekiko duten pertzepzioa neurtzeko adierazlerik onena arrisku saria da, eta Italiarena oinarrizko 574 puntura iritsi zen atzo eguerdian —550 puntura jaitsi zen gero—. Marra gorria zeharkatu, eta arrisku gunera sartu zen herrialdea, Greziak, Irlandak eta Portugalek maila horretara iritsi aurretik eskatu behar izan baitzuten erreskatea.

Arrisku saria igo ahala igo zen bigarren mailako merkatuan salerositako estatu bonuen gaineko interesa ere. Inbertsiogileek %7,4ko errentagarritasuna eskatu zuten Italiaren hamar urterako zor tituluen truke. Euroguneko herrialdeen artean Irlandak bakarrik gainditu du nozbait maila hori. Eta ez zuen luze iraun. Bi aste baino lehen %9ko interesa eskatu zioten, eta finantza laguntza eskatu behar izan zuen.

Italiari inbertsiogileek eman zioten jipoiak Espainian ere eragin zuen ondoriorik, hura baita merkatuen hurrengo biktima izateko aukerarik gehien duen herrialdea. Haren zorraren arrisku saria oinarrizko 413 punturaino iritsi zen eguerdi partean, abuztuan egindako markatik gertu. Hamar urterako zor tituluengatik, berriz, %5,7ko interesa eskatu zuten inbertsiogileek.

Burtsetan, galerak nagusi

Europako burtsetan ere zenbaki gorriak izan ziren nagusi. Milango burtsako agintaritzak FTSE MIB indizean kotizatzen duten berrogei titulutatik hamabi bertan behera utzi behar izan zituen aldi batez, gehiegi galtzen ari zirelako. Horien artean, herrialdeko bankurik handienetako bi —Unicredit eta Intesa SanPaolo— eta Berlusconi sendiarekin lotura duten aktiboak —Mediaset ikus-entzunen sektoreko taldea—. FTSE MIBek %3,78ko galerekin bukatu zuen saioa. Madrilgo Ibex35 indizeak %2,09 galdu zuen, Frankfurteko Dax-ek %2,21, Parisko CAC40k %2,17, Londresko FTSE100ek %1,92 eta Bilboko 2000 indizeak %2,33.

Inbertsiogileak lasaitze aldera, Berlusconiren erabakia atzera bueltarik gabekoa dela ziurtatu zuen errepublikako presidenteak. Prentsa ohar batean adierazi zuen Parlamentuak 2012ko Aurrekontu Legea onartu bezain laster utziko duela lehen ministro kargua. Hain zuzen, lege horretan jasoko dituzte Berlusconik iragan astean euroguneko gainontzeko kideei egindu zizkien neurriak. Orduan, «ahalik eta azkarren», dimisioaren ondorengo gobernu krisia konpontzeko kontsultak hasiko ditu Napolitanok. «Beraz, egun gutxiren buruan Parlamentuaren konfiantzazko gobernu berri bat osatuko da edo Parlamentua desegingo da hauteskunde kanpaina hasteko». Gobernua eta Parlamentua jarduerarik gabe ahalik eta denbora laburrenean izango dituztela ziurtatu zuen Napolitanok. «Eta beharrezkoa balitz, garai horretan ere posible izango litzateke larrialdiko neurriak hartzea». Hauteskundeak urtarrilean edo otsailean egingo lituzkete.

Napolitanoren hitzak entzunda, oposizioak baieztatu zuen prest dagoela 2012ko Aurrekontuen Legea lehenbailehen onartzeko. Dario Franceschini PD alderdi demokratako bozeramaileak larunbatean eta igandean ere lan egitea proposatu zuen, hurrengo astean bertan onartzeko. Enrico Letta alderdi bereko idazkari nagusiordeak, berriz, astelehenean bertan onartzeko aukera aipatu zuen, «merkatuak baretuko dituen larrialdiko gobernu bat lehenbailehen osatzeko». Atzo Napolitanok bizi guztirako Italiako senatari izendatu ostean, Mario Monti Europako Lehiarako komisario ohiak aukera handiak ditu gobernu hori gidatzeko.

Zentro-ezkerreko hainbat buruzagik teknikariz osatutako gobernua eratzea nahi dute, baina ez guztiek. Antonio di Prieto IdV ezkerreko alderdiko buruak, esaterako, onena haustekundeak antolatzea litzatekeela adierazi zuen. «Horrelako gobernu batek sarraski sozial bat egiteko bakarrik balioko luke». Di Prietoren ustetan, «Europako Batasunak eta merkatuek Italiarengan konfiantzarik ez badute, orain arteko gobernatzeko moduagatik da. Berlusconik alde egiteko ideia hutsak konfiantza emango lieke».

Hauteskundeak egitearen aldekoak dira Umberto Bossik gidatzen duen Lega Norde alderdifederaldista, PDL Berlusconiren alderdia eta Berlusconi bera ere. «Ez daukat PDrekin gobernua osatzeko inolako intentziorik, eta Pierferdinando Casanik esan du ez zaiela interesatzen gurekin akordiorik egiterik. Beraz, matematikek esaten didate hauteskundeena dela gelditzen den bide bakarra». Ez du, ordea, Italiako lehen ministro kargurako hautagaitza aurkezteko asmorik. «Ez naiz aurkeztuko; liberatuta sentitzen naiz». Ordezkorik onena Angelino Alfano izango litzatekeela adierazi zuen, PDLko idazkari nagusia eta Justizia ministro ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.