Italiak aurrera atera du 30.000 milioi euroko murrizketa plana

Belgikako erreformen aurkako greba orokorrak oihartzun handia izan du, sindikatuen arabera

Erredakzioa
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Aldeko 257 botorekin eta kontrako 41ekin, 30.000 milioi euroko murrizketa plana onartu du Italiak. Erretiro adinean egingo dute aldaketetako bat: datorren urtean 62 urtera atzeratuko da emakumeen kasuan, eta 66ra gizonenean. 2018an 66 urtean parekatuko dira. Horrez gain, ondasun higiezinen gaineko zerga berreskuratuko dute eta BEZa %21etik %23ra gehituko da. Pentsioei dagokienean, izoztu egingo dira 1.400 eurotik gorakoak. Mario Monti lehen ministroaren esanetan, neurriei esker Italiak «burua goian duela» egin ahal izango dio aurre Europako krisi «larriari».

Belgikan ere ari dira erreformak negoziatzen. Pentsio sistema aldatu nahi du gaur bertan Legebiltzarrak, defizita murriztu ahal izateko. Aurretiazko erretiroak mugatu nahi ditu, sektoreko publikoko pentsioak sektore pribatukoekin parekatu eta zenbait lanbideri baldintza bereziak kendu —pilotuak, magistratuak, unibertsitateko irakasleak, trenetako langileak eta kazetariak—.

Neurri horien aurka greba orokorra egin zuten atzo. Sindikatuak pozik geratu ziren protestak izandako jarraipenarekin. Garraio sektorean izan zuen babesik handiena, ia erabat gelditu ziren trenak, tranbiak eta autobusak. Aitzitik, ia ohi bezala funtzionatu zuten hegazkinek. Bruselan, lehen hezkuntzan grebak %90eko jarraipena izan zuela diote sindikatuek. Urtarrilaren 30erako ere lanuztera deitu dute, Europako goi bilera izango dela baliatuta.

Portugal, saltzen

Murrizketak ez ezik, pribatizazioak ere ari da egiten Portugal. Atzo, «bitxi» nagusia saltzeko akordioa lortu duela iragarri zuen: EDP argindar konpainia. Gobernuak haren akzioen %21,35 salduko dizkio Txinako Three Gorges konpainiari, 2.700 milioi euroren truke —beste %4 ingururen jabe izaten jarraituko du—. Azken hiru urteetan mila milioi eurotik gorako irabaziak izan ditu EDPk. 2014a baino lehen REN argindar konpainia, TAP hegazkin konpainia, Galp petrolio enpresa eta irrati eta telebista publikoa ere saldu nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.