Zuntz zeramikoko erregailu fabrikazioan espezializatuta dago Orkli, eta Ordizian (Gipuzkoa) du egoitza nagusia. 1982an sortu zen, 900 langiletik gora ditu, eta urtean 150 milioi euro gainditzen dituen fakturazioa. Bere ekoizpenaren %80 baino gehiago esportatzen du, eta fabrikazio plantak dauzka Txinan eta Brasilen ere.
Segurtasun termoelektrikorako osagaien fabrikazioan munduko liderra da. Termopareen, multzo magnetikoen eta eragingailuen diseinu propioek etxetresna elektrikoen fabrikatzaile nagusien aitortza dute. Europa osoan zabaldutako ordezkaritzak ditu, eta bere salmenta agenteak bost kontinenteetako herrietan estrategikoki kokatuta daude.
Valmex enpresa, berriz, Lucrezia di Cartoceto-n kokatuta dago, Italian, eta ur trukagailuak egiten ditu. 230 langile ditu, eta 50 milioi euroko fakturazioa. Orklik azaldu duenez, Valmex Taldea mundu mailako etxe-gas galdaretarako ur trukagailuen fabrikatzaile garrantzitsuena da. Aldi berean, hozteko eta klimatizazioko industriarako fluxu paraleloko kondentsadoreetan merkatuko presentzia nabarmena du.
Valmexen %40 erosita, Orkli "maila globalean ur beroketa sektoreko enpresa erreferente bihurtu da, eta produktu gama integrala eskaini ahal izango du".