Finantza merkatuak eta Europako Batasuneko beste kideak baretu nahian, Italiako Legebiltzarrak iganderako onartuko du gobernuak aurkeztu duen murriz- keta plana. Egoeraren larritasuna ikusirik, oposizioko alderdi nagusiek iragarri dute «erantzukizunez» jokatuko dutela.
Silvio Berlusconiren gobernuak hurrengo lau urteotan 48.000 milioi euro aurrezteko plana aurkeztu du. Neurri gogorrak daude plan horretan, besteak beste, emakumeen erretiro adina gizonezkoetara parekatzea, pentsio handienak izoztea, sendagile publikoarengana joateagatik pagatzea, langile publikoen kopurua murriztea edo BEZa igotzea. Neurri horien bidez 2014rako defizit publikoa ezabatu nahi du Erromako gobernuak.
Planak «gutxien dutenak zigortu» arren, trabarik jarriko ez diola agindu du oposizioko alderdi nagusiak, PD Alderdi Demokratikoak. Zuzenketa gutxi batzuk soilik jarriko dizkiete, eta horrela espero dute ostegunerako Senatuaren oniritzia jasotzea, eta iganderako Diputatuen Ganberak ere berdin egitea.
Horren truke, plana onartu eta berehala dimisioa emateko eskatu dio oposizioak Berlusconiri. «Guk, Italiarengatik, dagokiguna egingo dugu, baina ez dut uste Berlusconik konfiantza ematen duen elementua denik, ez Italian, ez nazioartean», adierazi du Pierluigi Bersani PDko liderrak.
Berlusconiren mezua
Azken egunotako gertaerek are gehiago hondoratu dute gobernuburuaren irudia. Italiaren egoera ekonomikoari buruzko zalantzek Europako hedabide guztietan leku franko zuten egunean, Berlusconi bere afera pertsonalak zaintzen ari zen. Izan ere, larunbatean, Milango epaitegi batek erabaki zuen haren Fininvest taldeak 560 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko diola CIR talde lehiakideari. Astelehenean, Italiako espekulatzaile guztien jopuntuan zegoela, Berlusconi Arcoreko etxean zegoen seme-alabekin Fininvesten egoera eztabaidatzen. Zorraren arazoari ere heldu behar izan zion, Angela Merkelek telefonoz deitu ziolako zerbait egiteko eskatuz.
Atzo heldu zion erronkari Berlusconik, ostiralaz geroztiko bere lehen adierazpen publikoaren bidez. Nahiko kopetilun, herritarrei eta merkatuei konfiantza ematen saiatu zen, Italiaren, haren bankuen eta bere gobernuaren egoera «sendoa» dela esanda. «Europa gure aldean dugu, eta laguntza asko ditugu. Gobernua egonkorra eta indartsua da. [Gobernua sostengatzen duen] Gehiengoa batuta eta irmo dago», gaineratu zuen. Lehen ministroaren eta Giulio Tremonti Ekonomia ministroaren arteko gatazka, ordea, begi bistakoa da.
Italian, oposizioak gobernuari lagunduko dio
Parlamentuak aste honetan onartu ahal izango du defizita 2014. urterako desagerrarazteko plana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu