ITP merkatu berri batean sartuko da, eta 250 langile kontratatuko ditu

Hegazkinentzako GTF motorrerako osagaiak egingo ditu, AEBetako Pratt & Whitney enpresakin elkarlanean

Erredakzioa
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Bizkaiko ITP Industria de Turbo Propulsores enpresak beste jauzi bat egin du hegazkin komertzial ertainen merkatuan sartuta. AEBetako Pratt & Whitney konpainiarekin lortu berri duen kontratuari esker, aeronautikarako motor ekoizleak GTF motorrerako osagaiak egingo ditu hogei urtez, eta horrek 2.500 milioi euroren salmentak ekartzea espero du. Aurreikuspenak betetzen badira, hogei urtean GTFren 40.000 unitateren eskaria izango dute, eta, beraz, ITPk «erronka» gisa hartu du proiektua.

Ehun milioi euroko inbertsioarekin, 250 lanpostu sortuko ditu taldeak —gaur egun 2.800 langile ditu—. Ekoizpena Zamudioko eta Mexikoko lantegietara bideratuko da, baina oraindik ez dute argitu lanpostu berri horiek non izango diren. Mexikokoa da ITPk Hego Amerikan duen lantegi bakarra, Queretano hirian, eta 250 langile ditu. Iaz, 19 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen taldeak bi lantegi horietan, ekoizpen ahalmena handitzeko.

Kontratuak «balio estrategiko bikoitza» izango du euskal enpresarentzat, Ignacio Mataix ITPko zuzendariak azaldu duenez. Batetik, AEBetako konpainiarekin lehen harremana izango delako, eta, bestetik, merkatu berri bat ezagutzea dakarrelako. Bereziki garrantzitsua deritzo azken horri, hegazkin komertzialen artean hegazkin ertainak direlako gehienak. Gaur egun, 12.000 daude, baina hogei urtean 23.000ra heltzea espero dute. Atzo sinatu zuten kontratua Mataixek eta Todd J. Kallman Pratt & Whitneyko presidenteak.

GTF motorra garapen fasean dago jadanik, eta bi urteko epean hasiko da AEBetako enpresa horiek ekoizten. Jadanik erabiltzen dira motor mota horren antzerako ereduak; Airbus A320 eta Bombardier C-Series hegazkinek halakoak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.