Ekonomia

Itten izango da aurrerantzean Etorlur, Gipuzkoako Diputazioaren sozietate publikoa

Norabide eta irudi berria eman diote orain arte jarduera ekonomikoa sustatzeko eta etxebizitza babestuak egiteko zorua kudeatzen zuen sozietateari. Iñaki Errazkin Lurralde antolaketako diputatuak "kiebratik oso gertu" zegoela salatu zuen uda aurretik, eta 21 milioi euroko zorra berretsi du aste honetan EAJ foru gobernuan egondako legealdien kudeaketaren ondorioz.

Berria.info
2013ko irailaren 27a
17:08
Entzun

Etorlur sozietate publikoak norabide eta irudi berriak izango ditu hemendik aurrera: Itten izena izango du eta bere eginkizun nagusia udalerri txikiei aholkularitza eskaintzea izango da, Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Peio Gascon Lurralde Antolaketako zuzendariak gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian azaldu dutenez.

Foru Gobernuak oso egoera ekonomiko larrian topatu zuen, legealdi honetan, Etorlur sozietate publikoa: kiebra jotzear. Izan ere, Errazkinek gaur gogorarazi duenez, “aurreko legealdietan egindako hainbat operazio espekulatzaileren ondorioz, sozietateak, 20 milioi euro galdu zituen –gipuzkoar guztiok galdu genituen-, eta beraz, Etorlur kinka larrian geratu zen”. Egoera horretan, Administrazio Kontseiluak kontuak birformulatu egin zituen, eta deskapitalizazio baten bidez, sozietatearen balioa balio errealera egokitu zuen, Herri Kontuen Euskal Auzitegiak behin baino gehiagotan eskatu zuenaren arabera.

“Etorlur larri zebilen”, gogorarazi du Errazkinek, “baina foru gobernu honek sozietateari eustea erabaki zuen, uste dugulako, benetan, Gipuzkoako erakundeentzat eta jendarte osoarentzat tresna interesgarria izan daitekeela. Argi zegoen, ordea, sozietate publiko honek norabidea aldatu behar zuela derrigor, proiektu espekulatzaileak alde batera utzita”.

Etorlurrek funtsezko eginkizun bat izango du datozen urteetan: Gipuzkoako 2.000 biztanletik beherako udalerriei aholkularitza eskaintzea. Herri horiek baliabide mugatuak dituzte, eta askotan, zenbait proiektu gauzatzeko, kanpoko kontratazioetara jo behar izaten dute aholkularitza bila (arkitektura arloan edo maila juridikoan, esaterako). “Horixe eskainiko die foru sozietateak: aholkularitza. Eta horrek baliabideak konpartitzeko eta optimizatzeko eta bitartekoak eta dirua aurrezteko aukera emango die Gipuzkoako instituzioei. Alde horretatik, filosofía aldaketa erabatekoa da: kudeatu dezagun ondo gipuzkoar guztion dirua, bertako instituzioek dirua aurreztu eta diru hori ekimen sozialetara bidera dezaten”, adierazi du Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. 

Norabide aldaketa hau behar bezala islatzeko, hemendik aurrera sozietate publikoak izen eta irudi berria izango ditu: Etorlur izateari utziko dio, eta Itten, herriekin lan egiten izango da. Errazkinek esan du izenak ondo erakusten duela planteamentu berria eta elkarlanaren kontzeptua, “eta, noski, ahozko euskarari keinua egin nahi izan diogu, "egiten" hori horrela esaten baitute gipuzkoar askok: itten”. Irudiak ere izenak adierazten duen dinamismo bera islatzen du.

Peio Gascon Lurralde Antolaketako zuzendariak, bere aldetik, Itten-eko lan taldearen eskarmentua nabarmendu du: “Itten-ek zazpi langile ditu. Taldekideek esperientzia luzea dute arkitektura arloan edo maila juridikoan, Etorlurren egindako lanaren bidez harreman estua izan dute udalekin, eta kapital hori guztia udalerri txikien esku jarriko dute orain, aholkularitza eskainiz eta haien lana erraztuz”. Udalekiko elkarlana hitzarmen bidez gauzatuko dela zehaztu du Gasconek.

Proiektu honetan interes zuzena duten guztientzat aurkezpen-bilera bat antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urriaren 2an izango da, Anoeta herriko auditorioan, 18:30ean, eta 2.000 biztanletik beherako herrietako alkateak, batzarkide taldeak eta sozietateko Administrazio Kontseiluko kideak daude gonbidatuta. Martin Garitano diputatu nagusia, Iñaki Errazkin diputatua, Peio Gascon zuzendaria eta sozietateko langileak bertan izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.