Aluminiozko produktuak egiten dituzte Itziarko (Gipuzkoa) Iber Leiberren. Beste enpresa askori bezala lana jaitsi zaio, eta zuzendaritzak lantegia itxiko duela jakinarazi du. Langileak, ordea, ez daude ados. Erabakiaren arrazoia beste bat dela diote. «Multinazionalak Alemanian duen lantokian arazoak dituzte, eta Itziarkoa itxita harako dirua lortu nahi du. Deslokalizazio kasu argia da», azaldu du Joseba Urkaregi langileetako batek. Azkenean enpresa itxiko balu, 80langile geratuko lirateke kalean.
Azken hilabeteetan enplegu erregulaziorako espedientean egon dira langileak. Aurrena sei hilabeterako dosierra aurkeztu zuen enpresak, eta gero hiru hilabetekoa. Bata zein bestea onartu zituzten langileek, eta tarte horretan lanaldiaren erdia soilik bete dute, eta beste erdia langabeziatik kobratu. Bigarren dosierra amaitu bezain pronto, hirugarrena jarri nahi izan du indarrean enpresak, kasu horretan, ordea, lanaldi osoa erregulatzea proposatuz. Langileek ez dute onartu, besteak beste, nagusiak enpresa ixteko asmoa duela jakin dutelako.
Oraingoz, lanera joaten segitzen dute beharginek, baina ez dute lanik. «Garbitzen, margotzen eta horrelakoak egiten pasatzen dugu eguna», azaldu du Urkaregik. Nagusiekin ereeduki dituzte hainbat tirabira. «Asteartean piezak ateratzen saiatu zen zuzendaritza. Esan zigun eskubidea zeukala horretarako, eta uzten ez bagenion ertzainei deituko ziela. Gaur harri handi batzuekin eta, barrikadak egin ditugu, kamioiak sar ez zitezen».
Tentsio handia dagoela nabarmendu du Urkaregik. Enpresak irekita irauteko esperantza gutxi dute dagoeneko, hala ere,ez daudela etsitzeko prest dio. Eta euren egoera salatzeko hainbat protesta egingo dituzte. Larunbatean, esaterako, manifestazioa egingo dute Mutrikun, hangoak baitira langileetako asko. Aurreko astean, Deban egin zuten.
Itziarko Iber Leiber ixteko asmoa salatu dute langileek
Lekutze kasu argia dela diote, Gipuzkoako lantegia itxita Alemaniarako dirua lortu nahi delako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu