Produktu baten zigiluak bermea eman diezaioke kontsumitzaileari; nondik datorren ezagutzeak, konfiantza. Baina aurrerantzean baliteke arrainen eta itsaskien kontserben etiketetan datu hori ez aurkitzea: Europako Parlamentuak Arrantza Batzordearen asmoak atzera bota, etaerabaki du ez dela derrigorrezkoa izango jatorria zehaztea. Arrantza politikaren erreforma negoziatzen ari dira uneotan, eta azkenean Parlamentuaren asmoak gauzatuko balira, 2014-2020 urteen artean indarrean legoke neurria. Behin-behineko erabaki horrek askotariko iritziak sortu ditu Euskal Herriko sektorean. Askok nahiago dute oraindik zuhur jokatu; ekoizle txiki eta arrantzaleen artean, berriz, aurkako jarrerak dira nagusi.
Mutrikuko (Gipuzkoa) Calogero Billante kontserba-egilearentzat erabakia ez da albiste ona, ez da «inolaz ere» positiboa izango. Merkatua gehiago globalizatuko dela uste du Calogero Billante enpresako kudeatzaileak, eta horrek enpresa txikiei eragingo diela kaltea. Billantek adierazi du orain arte «kalitatezko» marka baten alde egin dutela, eta erabaki hori euren norabidearen aurka doala.
Calogero Billantek, beste hainbat enpresarekin batera, bertakoa babestu eta salmentak sustatzeko ahaleginak egin ditu azken urteetan.Iaz, esaterako, Euskal Herriko Kantauriko Antxoa berme-marka sortu zuen Zumaia, Ondarroa, Berriatua eta Markinako hainbat kontserba-egilerekin. Markaren asmoa da egiaztatzea kontserbak Kantauri itsasoan harrapatutako Engraulis Encrasicholus espezieko antxoa freskoaz eginak direla. Elkarlanari esker, gainera, 2008an antzerako etiketa sortu zuten, Kantauriko uretan harrapatutako hegaluzearen kalitatea bermatzeko. «Orain ere zailtasunak ditugun arren, behintzat zoko bat badaukagu», dio Billantek.
Bizkaiko kontserba-egileek ere bizkarra eman diote parlamentuaren erabakiari: jatorria adieraztearen alde daude, «bestelako kalitate bat bermatu» egiten duelako. Nahitaezkotasuna kenduta babesik gabe geratuko direla uste dute, merkatua «izenik gabeko kontserba egileek» beteko baitute. Haien ustetan garrantzitsua da arrain eta itsaskien identifikazioan aurrera egitea, eta produktu guztien gaineko etiketatzean eskakizun berdinak izatea.
Arrantzaleen artean ere ez dute begi onez hartu Europaren iragarpena. Leandro Azkuek, Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko idazkariak, «penaz» hartu du iragarpena, are gehiago aintzat hartuta Arrantza Batzordeak hasieran derrigortasuna babestu zuela. «Lastima da kontsumitzaileentzat ona zelako, produktua nondik datorren jakingo luketeelako, eta baita arrantzaleentzat positiboa zelako ere». Arrain eta itsaskien kontserbetan produktua nondik datorren jartzea derrigor egiten zuen Stevenson txosteneko 42.2 artikuluak, espeziaren izena eta ekoizpen modua adieraztearekin batera. Baina PPko Galiziako Carmen Fraga eurodiputatuak zuzenketa bat aurkeztu zuen, eta Europako Parlamentuak hori onartuta, artikulua ezabatu du. Fragaren arabera, datu hori kontsumitzailearentzat ez da «adierazgarria». Gainera, argudiatu du Espainiako ontziek munduko hainbat lekutan arrantzatzen dutela hegalaburra, eta etiketa bakoitza bereizteak kostu gehigarri bat izango lukeela industriarentzat. Azkuek onartu du egia dela hegalaburrak mundu guztian arrantzatzen dituztela, eta horiek bereiztea bereziki zaila izango litzatekeela kontserba-egile handientzat. Dena den, hegaluzeen kasua ezberdina dela uste du, ez baitira kopuru berdinak arrantzatzen: «Oso garrantzitsua da jatorria zehaztea. Gutxienez jar dezatela derrigortasuna hegaluzeentzako, adieraz dadila Atlantikokoa dela, eta ahal bada, baita iparraldekoa ere».
Eskaera Madrilera
Parlamentuaren erabakia hori den arren, oraindik negoziaketak geratzen dira neurria behin-betikoa izateko. Hala ere, Azkue ezkor agertu da, parlamentuaren jarrera «gogorra» ikusita. Batzordea «amore» ematen ari dela ere sumatzen du. Parlamentuko eztabaidan EAJko Izaskun Bilbao eurodiputatuak etiketa bikoitza ezartzea proposatu zuen, industria ekoizpena eta eskulangintza ezberdintzeko.
Gaiaren inguruan duten kezka azaltzeko, Madrilekin bilera eskatu dute arrantzaleen kofradiatik. Parlamentuaren nahiak aurrera egiten badu, orain arte bezala lanean jarraituko dutela ziurtatu du Azkuek.
Euskal kontserba enpresen artean, Salica da handienetako bat. Bermeoko (Bizkaia) bi enpresaren bat egitearen bitartez sortu zen, hain justu, 1990. urtean. Aintzi Laburu enpresako ordezkariak azaldu du oraindik ez dutela argi zer eragin izan dezakeen erabakiak eurengan, orain ere nahitaezkoa ez dela ikusita. Iritziren bat plazaratu aurretik, Anfaco kontserba fabrikatzaileen elkartera joko dute, informazio gehiago biltzeko asmoz. Beste hainbat kontserba egile handirekin ere harremanetan jarri da BERRIA, baina ez dute gaiaren inguruko iritzirik eman.
Enpresei babesa emanez, Eusko Jaurlaritzatik arrain eta itsaskien jatorrian iruzurrak saihesteko lanean ari dira azken urteetan, eta aurtengo udaberriko kanpainan, hain justu, arreta berezia jarri diote gai horri. Jaurlaritzak ohartarazi du Europak aldatu egin beharko duela bere politika, «kontsumitzailearen eskubidea delako jakitea zer erosten ari den eta produktua non arrantzatua izan den». Jon Azkue Arrantza sailburuak onartu izan du badaudela nahasmena sor ditzaketen adierak: «Bada Kantauriko hegaluzeari iparraldekoa esaten dionik, baina agian Ozeano Barearen iparraldekoa da».
Jaurlaritza sektorearekin harremanetan da Kantauriko Antxoa jatorri izena bultzatzeko. Orain arteko bilerak «emankorrak» izan dira, alde bakoitzak bere ikuspuntua mahai gainean jarri duelako: arrantzaleek euren helburuak finkatu dituzte, eta kontserba fabrikek beren egoera zehaztu diete. Asturias, Kantabria eta Galiziako ordezkariekin ere bildu da gobernua, antxoa beste merkatu batzuetara hedatu eta baldintza hobeagotan saltzea lortzeko.
Orain arte, Kantauri itsasoko antxoaren ordez, beste herrialde batzuetakoaren aldeko apustua egin du kontserba industriaren zati handi batek; aurrerantzean, ordea, tokiko produktua erabil dezatela da arrantzaleen asmoa. Horretarako, kontserba industriek ezezkoa eman behar diete lehen antxoa erosten zietenei. Azaroaren bukaerarako gaia adostuta izan nahi dute bi aldeek.
2005. eta 2009. urteen artean antxoa arrantzatzeko debekuak ondorioak izan ditu 2009tik aurrera, merkatuari dagokionean. Europako Batzordeak jarri zuen debekua, antxoaren iraupena arriskuan zegoela ikusita. 2006an, esaterako, hainbat kontserba-egilek atzerrira jo behar izan zuten ekoizpena mantentzeko, Txinara, Kroaziara eta Argentinara, adibidez. Kasu hartan, baina, «argi» adierazi zuten antxoaren jatorria ez zela Euskal Herrikoa.
Atzerrikoa, kalte
Arrantzaleek behin baino gehiagotan salatu dute azken aldian kanpoko hegaluzea eta hegalaburra Euskal Herrikoak bailiran saldu nahian dabiltzala, prezio merkeagoan.Horrek «min handia» ematen diela ohartarazi zuen kanpaina hasieran Iñaki Zabaleta Bizkaiko Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidenteak. Kontserba enpresa handien aldetik arraina desberdintzeko «erresistentzia» handia dagoela uste du Zabaletak: «Jendea nahasteko legezko modu bat da».
Atzerriko eskaintzak egindako kalteaz gain, harrapaketa kopuruaren jaitsierak ere badu eragina. Aurtengo kanpainan 6.560 tona antxoa bildu dituzte arrantzaleek, iaz baino 2.000 tona inguru gutxiago, «itsaso txarra» medio. Iaz 8.700 tona harrapatu zituzten; 2010ean, aldiz, 4.700 tona.
Kuotak ere badu bere garrantzia sektorearentzat. Aurten Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako arrantzaleek harrapa dezaketen hegalabur kopuruaren %70 saldu diote Murtziako (Espainia) multinazional bati, diru gehiago lortuko baitute kuota salduta, hegalaburra arrantzatu eta merkatuan salduta baino.
Enpresa txiki eta arrantzaleentzat ez ezik, erosleentzat ere erabakia ez da ona izango, Euskadiko Kontsumitzaileen Elkartearen arabera. Jon Ariño zuzendaria «erabat aurka» agertu da, jatorriarena «oinarrizko elementua» delako, erosleak zer erosi nahi duen erabaki ahal izateko. Ariñoren ustez, gainera, hori ez da elementu «neutrala», bereziki elikagaien kasuan, atzean kontuan hartzeko arlo asko biltzen dituelako: ekoizpen modua, kontserbatzea... Horrez gain, Ariñok gogoratu du tokiko eta kalitatezko produktuen aldeko apustua egiten dutela elkartetik, eta parlamentuaren nahia «guztiz kontrakoa» dela.
Kontserbak. Etiketatzea
Izana zer da, izenik ez badu
Europako Parlamentuak erabaki du arrain eta itsaskien kontserbetan ez dela derrigorrez adierazi beharko produktuaren jatorria. Euskal Herriko arrantza sektorean askotariko iritziak eragin ditu horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu