Janaria banatzeko enpresa erraldoi bat sortzea da helburua, eta ados jartzeko zorian dira Erresuma Batuko Just Eat eta Herbehereetako Takeaway.com. Bien artean, 360 milioi eskari jaso zituzten 2018an; guztira, 7.300 milioi euroko balioa zuten.
Uztartu ahal izateko, akzioak trukatuko lituzkete. Eta salerosketa hori eginda, konpainia berriaren %52,2 Just Eateko akziodunek izango lituzkete, eta %47,8 Takeaway.com-ekoek. Enpresa berriak Amsterdamen izango luke egoitza nagusia, baina premium kotizazioa izango luke Londresko burtsan, eta Erresuma Batuan egingo luke eragiketen zati handi bat.
Banaketa enpresek adierazi dutenez, "bestelako aldagaien inguruko adostasunak oso aurreratuak daude", baina oraindik posible da bat egitea bertan behera geratzea. Abuztuaren 24ra arte du eskaintza bat aurkezteko epea Takeaway.com-ek.
Nazioartean etengabe hazten ari den merkatua da janari banaketa: Glovo, Deliveroo, Uber Eats... Hor tokia lortzeko, lehia gogorra izaten ari da zenbait plataformaren artean.