Japan Airlines porrot egoeran dago, eta 15.000 langile kaleratuko ditu

Tokioko gobernuak uko egin dio baldintzarik gabeko dirua emateari, baina berregituratzen lagunduko dio

Iker Aranburu.
2010eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gobernu aldaketa izan da Tokion, eta harekin batera aldatu da JAL Japan Airlines aire konpainiari buruzko politika ere. Aurreko gobernuak, Alderdi Liberalaren eskuetan, hiru aldiz salbatu zuen porrotetik 2001. urtetik; Yukio Hatoyama lehen ministro berriak, Alderdi Demokratikokoak, porrot egoeran deklaratzera behartu du.

Inoiz Japonian finantza sektorekoa ez den enpresa batek egindako bankarrotarik handiena da. Izan ere, JAL Asia osoko aire konpainia handiena zen, eta handia da haren zorra ere: 17.800 milioi eurokoa. Japoniako Gobernuak aurrera atera nahi duen berregituraketa planaren arabera, zor horren herena barkatu beharko diote hartzekodunek. Horien artean nagusi da Estatua bera, Japoniako Garapen Banku publikoaren bitartez.

Berregituraketa hiru urteko epean egin nahi dute. Tarte horretan, JALek kalean utziko ditu 15.700 langile, hirutik bat. 31 ibilbide ez-errentagarri utzi beharko ditu, eta aire garraioarekin zerikusirik ez duten negozioak saldu beharko ditu. Izan ere, JALen arazoetako bat da 70eko eta 80eko hamarkadetan neurriz kanpo hedatu zela. Hotelak, bidaia agentziak, golf zelaiak eta merkataritza guneak erosi zituen. Gaur egun 58 hotel ditu, eta kreditu txartel konpainia baten akzioen erdia. Inbertsio horietako gehienak saldu edo itxi beharko ditu orain, eta hortik etorriko dira kaleratutako asko. Lanean jarraitzen dutenek onartu egin dute beraien soldatak jaistea, eta enpresako pentsiodunek ere %30 gutxiago jasoko dute.

Lurrean geratuko dira betiko garai bateko JALen indarraren ikurretako bat, Boeing 747-400 zaharrak. Oraindik orain haietako 37 ditu, baina erregai asko kontsumitzen dute.

Gobernuak ere badu erantzukizunaren zati bat, galera handiak ekartzen zizkioten hegaldiak egitera behartu zuelako, sarri askotan interes politiko ilunengatik eraikitako aireportuetan trafikoa izatearren.

Porrot egoeran dagoen bitartean, Tokiok 2.300 milioi euroko kapitala emango dio eta 4.600 milioi euroko mailegu lerroa irekiko dio. Helburua da 2012an irabazietara itzultzea, eta JAL berrituak inbertsiogile pribatuak aurkitzea Gobernuari laguntza itzultzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.