«Herrialde aberatsek baliabide asko dituzte euren nekazariak babesteko; garatzeko bidean diren herrialdeek, aldiz, mugasarien babesa besterik ez dute bere nekazariak merkatuko gorabehera handietatik defenditzeko», azaldu zuen MMEko Brasilgo enbaxadore Luiz Felipe de Seixasek, hamazazpi herrialdek munduko nekazaritza merkatuen liberalizaziorako aurkeztutako proposamena, AEBen eta Europaren proposamen bateratuari erantzuten egindakoa, aurkezterakoan.
Europako Batasuneko negoziatzaileen buru Carl Peteren erantzuna, hauxe: «Proposamen hori, Cairnseko taldearen eta garatzeko bidean diren herrialdeen jakineko jarreren nahas-mahasa da; guztia nahi dute, ezer eman gabe».
Peteren arabera, ezin onar daiteke zenbait herrialdek inolako kontzesiorik ez egitea, garatzeko bidean diren hainbat herrialdek Batasunerako hautagai zenbait barne baino askoz BPG handiagoa izanik. «Eta besteoi sakoneko erreformak eskatzen zaizkigu».
Konpobide zaila
Horrela daude gauzak irailerako Cancungo Munduko Merkataritza Erakundearen goi bileraren bezperan. Nekazaritzaren gaiak berebiziko garrantzia izango du bilera horretan, beste hainbat sektoreren liberalizazioan aurrera egiteko ezinbestez konpondu beharrekoa baita.
AEBek eta Europako Batasunaren proposamena dago alde batetik, nahiko zehaztugabea, euren nekazariei ematen dizkieten laguntza zenbait soilik ezabatzea eskaintzen duena, mugasarien murrizketaren truke. Beste aldean, Argentina, Brasil, Mexiko, Costa Rica, Peru, Txile, India eta Txina bezalako 17 herrialde bildu dira: mugasariak murriztearen truke, nekazariei ematen dizkieten laguntzak ezabatzeko exijitzen diete AEBei eta EBri.
Cancunerako adierazpen zirriborro bat aurkeztu behar da, nola ez, nekazaritzaren gaian iritsitako lorpenak aipatuz. Datorren astean aurkeztu beharko litzateke, baina jarrerak oraindik oso kontrajarriak dira.
NEKAZARITZA
Jarrera erabat kontrajarriak Cancungo goi bilerarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu