Jaurlaritza, Nafarroa eta Bizkaiaren zorrari kalifikazioa jaitsi die S&Pk

Espainiari joan den astean bi koska jaitsi zion nota, eta espero zen agentziak halako erabakia hartzea

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Standard & Poor's rating agentziak bi koska jaitsi du Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren zorrak duen kalifikazioa. Halako erabaki bat espero zen, joan den astean S&Pk Espainiako gobernuaren zorrari maila bereko murrizketa ezarri eta zabor bonuaren atarian utzi zuelako.

Hiru euskal erakunde horiek A kalifikazioa galdu, eta aurrerantzean BBB+ maila izango dute. Inbertsio graduan daude oraindik. Krisia hasi zenetik rating agentziek euskal gobernuen zorra Espainiakoaren gainetik jarri dute. Ez da praktika ohikoa, eta gobernu horiek dituzten ahalmen fiskal eta ekonomiko zabalei aitorpena egiten die. Edonola ere, mugak dituen aitorpena da. S&Pren kasuan, gehienez ere bi koska gehiago eman ahal zaizkio estatu ez diren lurraldeen notari. Hori dela eta, Espainiari maila jaitsi dion aldiro, segituan gauza bera egin du EAE, Nafarroa eta Bizkaiarekin.

Espainiako bonuek inbertsio graduari eusten diote, oraingoz. Moody's agentziak egoera berraztertu ondoren ez murriztea erabaki zuen, Espainiak erreskatea eskatuko duen esperoan. Inbertsio maila galtzeak merkatuetan finantzatzea zail bihurtuko luke, inbertitzaile instituzional askok debekatuta dutelako zabor bonuak erostea.

S&Pren txostenak nabarmentzen du Hego Euskal Herriko ekonomia Espainiarenak baino «indar eta erresistentzia» handiagoak dituela. Hala ere, kalifikazioa gehiago murrizteko aukera badagoela ohartarazi du, Espainiaren egoerak okerrera egiten badu. Alde dituzten bi koskak ere galduko dituzte rating agentziaren aburuz Espainiarekin duten abantaila murrizten bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.