Arrantza

Jaurlaritza pozik berdelaren "arrantza olinpikoa" baztertu delako

Espainiari dagokion kuotaren %42 izango dute Bizkaiak eta Gipuzkoak. Hiru bat aste barru hasiko dira arrantzan.

Miren Garate.
2014ko martxoaren 8a
07:59
Entzun

"Pozik baina triunfalismorik gabe". Hala definitu du gaur goizean Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak berdelaren kuoten gainean lortutako akordioa. Arrantza tresna txikiko modalitatean, Espainiari dagokionaren %42 Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleentzat izango da.

Berdelaren kuota banatu den lehen urtea izan da aurtengoa, eta zailak izan dira negoziazioak. Orain artean berdela arrantzatu izan ez duten bik, Galiziak eta Asturiasek, euren zatia nahi zutela zioten. Aitzitik euskal arrantzaleek eta kantabriarrek eskubide historikoak aldarrikatzen zituzten, beti arrantzatu izan dutelako. Azkenean, ministerio agindu batekin ebatzi du auzia Espainiako Gobernuak.

"Banaketa honek irizpide sozio-ekonomikoak eta eskubide historikoak kontutan hartu ditu, eta horrexegatik berdelaren arrantzan guztiontzat tokia dagoela ikus daiteke, bai aspalditik berdelaren arrantzan aritu direnentzat baita hasi berriak direnentzat ere", adierazi du Tapiak. Jaurlaritza pozik dago "arrantza olinpikoa" baztertu delako. Izan ere, bazegoen aukera Espainiak kostera hasitzat emateko inolako erregulaziorik gabe. 

Tapiaren esanetan, Euskadiko arrantza sektoreak ahalbidetu du neurri handi batean akordioa; izan ere, berari dagokion kuotaren %2,5 Galiziako flotari utzi dio datozen bi urteetan. Behin tramite administratiboak gaindituta, hiru bat aste barru espero da berdeletan hastea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.