Ekainean murriztu egin da Eusko Jaurlaritzak onartutako erregulazio espedienteen kopurua. Guztira 181 baimendu ditu, maiatzean baino %22 gutxiago eta joan den urteko ekainean baino %31 gutxiago. Langile kopuruan, ordea, bilakaera ez da berdina. Izan ere, ekaineko dosierrek maiatzekoek baino 198 langile gehiagori eragin diete, guztira 2.503ri. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, gaur egun 1.763 espediente daude indarrean, eta 21.904 langile haien menpe.
Espediente gehienek jarraipena izaten dute. Ekainean, esaterako, %77 ziren aurreko bat luzatzeko eskatutakoak. Dosier motari dagokionez, ekaineko gehienek (114) kontratua aldi baterako eteteko eskatu zuten; 51 kasutan eskatu zen lanaldia murrizteko; eta hamasei espedientek eragin zituzten kaleratzeak. Hain zuzen, 197 langile geratu ziren kontraturik gabe, maiatzean baino %35 gutxiago eta iazko ekainean baino %71 gutxiago.
Aurkeztutako hamar espedienteetatik bederatzik langileen ordezkarien nahiz zuzendaritzaren oniritzia izan zuten. Sektoreka erregulazio kopurua mantendu egin zen eraikuntzan eta nekazaritzan, jaitsi industrian eta igo zerbitzuetan.