Atzera %3ko hazkunde tasatara itzuli da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia hirugarren hiruhileko honetan. 2015 eta 2016ko urteetako barne produktu gordinaren %3,1ko hazkunde erritmoa zertxobait geldotu egin zen urte hasieran, (%2,8ra lehen hiruhilekoan eta %2,9ra bigarrenean). Baina, besteak beste, barne merkatuaren sendotasunarekin iazko urte amaierako adinako bizitasuna berreskuratu du ekonomiak.
Dena den, urtea ixterakoan BPGaren hazkundea %2,9koa izango dela iragartzen du Eusko Jaurlaritzak bere EAEko ekonomiaren hiruhilabetekarian. Enpleguaren hazkuntza, berriz, %2koa izango da, 18.700 lanpostu sortuta. Gobernuak hurrengo urtean ekonomia %2,5 haziko dela uste du, aurreko txostenean egindako aurreikuspena hamarren batean handituta. Era berean, 2018. urtean enplegua %1,7 handituko dela eta 15.600 lanpostu sortuko direla iragartzen du.
Aurten gertatutako moduan, hurrengo urteko hazkundearen zati handiena ere barne eskaritik etorriko dela uste du Jaurlaritzak. Familien gastua handitu egingo da ekonomiari buruzko "baikortasunari lan merkatuaren hobekuntzari eta errenta efektuari esker". Kapital eraketa gordinak ere goranzko joerari eutsiko diola dio txostenak "enpresarien konfiantza areagotu delako",
Orain arte gertatutakoari begira, enpleguari buruzkoa da datu deigarrienetakoa Jaurlaritzaren txostenean: azken hamabi hilabeteetan 20.000 lanpostu inguru sortu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta horietatik 15.000 zerbitzuen sektorean etorri dira. Hain zuzen, zerbitzuena da hirugarren hiruhilekoan hazkunde handiena izan duen sektorea iazko epe berarekin alderatuta, %3,1 handitu baita. Horretan, berriz ere, merkataritzak, ostalaritzak eta garraioak egin dute ekarpenik handiena, %3,8 hazita.
Eraikuntzak ere nabarmen hobetu ditu bere azken emaitzak, %3 hazita. Industrian, berriz, hazkundea %2,7koa izan da, aurreko hiruhilekoetako apalalditik berpiztuz manufakturen eta energia prezioen hazkuntza erritmoei esker. Jaurlaritzak nabarmendu egin du hiru sektore nagusiek izandako homogeneizazioa. Hortik kanpo gelditzen den bakarra lehen sektorea da, nekazaritza eta arrantzarena, bigarren hiruhilekoa izan baitu %1,9ko murrizketarekin.
Eskariaren aldagaiei begira, barne eskaria izan da "EAEko ekonomiaren eragile nagusia eta ez du ematen indarra galtzen ari denik; %3,1 handitu da barne eskaria, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago. Familien gastuak %3 egin du gora, azken hiru urteetako erritmoari eutsiz. Kapital eraketa gordinaren %3,9ko hazkundea ere nabarmentzekoa da, nahiz eta epigrafe horretako ekipamendu ondasunetarako inbertsioa zertxobait apaldu egin den %4,5eraino. Esportazioak %3,7 handitu dira joan den urteko hirugarren hiruhilekotik eta inportazioak ere bai, %3,9.