Ekonomia

Jaurlaritzak 28 milioi eurotik gora ipiniko ditu lehen sektorea suspertzeko

Zortzi programa aurkeztu ditu Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak. Horietako bostetan izena emateko aukera zabalik dago uztailaren amaieratik. Laguntzen helburua da, besteak beste, landa eremuetako biztanleen bizi kalitatea hobetzea eta lehen sektoreko enpresetan inbertsioak erraztea.

Lehen sektorea suspertzeko laguntzak iragarri ditu Jaurlaritzak. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2014ko abuztuaren 6a
13:00
Entzun

“Euskadiko lehen sektorearen oraina eta etorkizuna argi eta modu irmoan babesteko”, zortzi programa aurkeztu ditu Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak. Guztira, 28 milioi euro baino gehiago ipiniko ditu Gasteizko gobernuak programa horietarako. Orozen esanetan, hauek dira helburuak: “Nekazaritzako, arrantzako eta elikagaien industriako sektoreko enpresetan inbertsioa erraztea, asoziazionismoari laguntza ematea, landa eremuetako biztanleen bizi kalitatea hobetzea eta Euskadiko landa eta itsasertzeko ingurua modernizatzea”.

Iñigo Urkulluren gobernuak uztailaren 15eko gobernu kontseiluan onartu zituen zortzi programak, eta horietako bostetan izena emateko aukera zabalik dago uztailaren amaieratik. Lehiatu programa, adibidez, 5,6 milioi eurokoa izango da, eta nekazaritzako eta elikagai produktuen transformaziorako, merkaturatzerako eta sustapenerako erabiliko da. Elkarteak programak, berriz, EAEko nekazaritza, arrantza eta elikagaien sektoreetako elkarte eta federazio profesionalei zuzendutako 782.000 euroko laguntza izango du.

Lehen sektorean ikerkuntza, garapena eta berrikuntza bultzatzeko 1,6 milioi euroko Berriker programa sortu du. Mahastizaintza eta ardoguntza sektoreko ekoizleen lehiakortasuna sustatzeko, bestalde, zazpi milioi euroko programa jarri du martxan Jaurlaritzak. Eta “animalien ongizatea hobetzeko” 500.000 euroko aurrekontua duen programa ireki du gobernuak, bereziki esnetarako behi azienden abeltzaintzako ustiategiei zuzenduta.

Horiez gain, beste hiru programa ere onartu ditu Jaurlaritzak, eta abuztuaren 22tik aurrera egin ahalko dira eskakizunak. Erein programa da horietako bat, eta 6,6 milioi euroko aurrekontua du “landa ekonomiarako eta landa inguruneko biztanleentzako oinarrizko zerbitzuak hobetzeko eta sortzeko”, besteak beste.

Leader programak, berriz, garapen sozioekonomikoa ahalbidetzea izango du helburu, herri txikietan biztanleriak behera egin ez dezan; 4 miloi euroko aurrekontua izango du programak. Azkenik, Itsaspen programak 2,3 milioi euro erabiliko ditu “itsasertzeko zonaldeen sustapena eta garapena bultzatzeko”.

Arrantza eta ehiza

Zortzi programa horiei gehitu behar zaie uztailean izena emateko epea itxi zen arrantzako FEP 6 milioi euroko laguntza. Eta baita beste bi programa txiki ere: Euskadiko Ehiza Federazioak espezie migratzaileen (pagausoa eta galaper arrunta) ehiza iraunkorrerako nazioarteko proiektua babesteko jasoko dituen 50.000 euroak, eta nekazaritza ekologikorako 25.000 euroko laguntza.

Programa guzti horien xede nagusiak lehen sektorea indartzea eta herri txikietan biztanleria ez galtzea direla nabarmendu du Oroz sailburuordeak. “Horretarako, zerbitzu eta ezpiegiturez gain, jarduera ekonomikoa bultzatu behar da landa eta itsasertzeko herri txikietan”. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.