Langabe kopurua heren bat murrizteko helburu orokorra izango du Eusko Jaurlaritzaren 2011-2014ko Enplegu Estrategiak. Egitasmo hori finantzatzeko, lau urtean 3.000 milioi eurotik gora jarriko ditu gobernuak, horietatik 808 datorren urtean. Egiturazko langabezia iraunkor ez bihurtzea lehentasunetako bat izango da, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren arabera.
Abiapuntua aukeratzeko orduan Espainiako Estatistika Erakundearen (INE) inkestak ematen duen neurketa lehenetsi du Lan Sailak, Eustat erakunde autonomiadunak galdeketa propioa egiten badu ere. INEren arabera, 129.100 langabe daude orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; populazio aktiboaren %12,2. Lehenbiziko erronka tasa hori puntu bat jaistea izango da heldu den urtean. Alegia, 12.900 langabe gutxiago izatea.
Ekonomian gertatzen ari den gainbehera izango du kontra helburu horrek. Datorren urtean2.900 lanpostu inguru baino ez direla sortuko kalkulatu du Jaurlaritzak berak aurreikuspen makroekonomikoen barruan.
Edonola ere, enplegu estrategia berriak irizpide eta helmuga orokorrak baino ez ditu ezarriko. Orain arte egiten ziren plan itxietatik «urrundu» nahi izan dutela zehaztu zuen Zabaletak, lau urtetan gorabehera asko gertatzen direlako. Hala, urtero ekintza plan jakin bat onartu da estrategia orokorra osatzeko eta helburuak gauzatzen laguntzeko. Egungo egoerari dagokionez, Europan hazkundea suspertzeko itxaropena du, EAEn lanpostu sorrera azkartuko lukeelako.
Epe ertainera begira ahalegin handiagoa ezarri dio bere buruari Zabaletaren departamentuak. 2014 urterako langabezia tasa lau puntuan jaitsi nahi du, %12tik %8ra. Gaur egungo langabe kopurua heren bat murriztea eskatuko luke horrek. Alegia, 44.600 langabe zerrendetatik kentzea. Kopuru horrekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2008 urteko udan zegoen egoerara itzuliko litzateke, krisi ekonomikoa bizkortu baino lehen. 2020 urterako azken helmuga, berriz, egungo langabezia erdira jaistea da, %6raino.
Gazteen langabeziari arreta berezia eskaini nahi dio Enplegu Sailak. 2014 urterako kolektibo horren langabezia tasa hamar puntuan murriztea nahi du. Gaur egun, 25 urte baino gutxiago dituzten gazte aktiboen %35 langabezian dago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ia 25.000 lagun dira. «Lanposturik ez duten gazteen kualifikazio profesionala handitu ahal izateko hezkuntza aukera egokiak bilatu nahi ditugu», sailburuaren hitzetan.
Prestakuntza egokia kalitatezko enplegua lortzeko ezinbesteko baldintza dela nabarmendu zuen Zabaletak. Esaterako, Lanbideko zerrendetan lanik gabe dauden lau gaztetik hiru ez du batxilergoa amaitu. Alor horretan, bigarren mailako ikasketak dituzten 20 eta 24 urte bitarteko populazio kopurua %80ra igotzeko asmoa jaso du. Era berean, 18 eta 24 urte artean ikasketak uzten dituztenen ehunekoa %12,5era jaitsi nahi du. Ikasketak luzatzeak lan merkatuan dagoen pilaketa arinduko luke, gazte asko beranduago sartuko direlako enpleguaren mundura.
Lanbideren zeregina
Enplegu estrategia «aterkia» izango dela azaldu zuen Zabaletak. Horren harira urtero plan eta egitasmo zehatzak garatuko dira. Beste batzuren artean, Lanbideren ekintza plana onartu da urtero. Eta ekintza plan hori, era berean, tokian tokiko egitasmoekin osatuko da, langabeziaren arazo zehatza eskualdez eskualde edo udalerriz udalerri lantzeko.
Formazioa eta lanpostua bilatzeko orientazioa izango dira Lanbideren zeregin nagusiak. Formazioari dagokionez, Jaurlaritzako Hezkuntza eta Industria sailekin batera, 72.000 pertsonari prestakuntza eman nahi die heldu den urtean. Horietatik 32.000 langabeak dira, eta gainerako guztiak, etengabeko prestakuntza ikastaroak jasoko dituzten langileak. Hirutik lauk egiaztagiria duen formakuntza izango dutela azpimarratu zuen Zabaleta sailburuak.
Lanpostu-orientazioaren esparruan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 90.000 langaberen neurrira egindako plan pertsonala prestatuko dute Lanbideko orientatzaileek. Kopuru horretan arreta berezia emango zaie gazteei, 45 urte baino gehiago dituzten langabeei, elbarriei eta gizarte bazterketa pairatzeko arriskua dutenei.
Jaurlaritzak 3.000 milioi jarriko ditu langabe kopurua heren bat jaisteko
Langabezia tasa orokorra %8ra eta gazteena %25era murriztea izango dira 2011-2014 enplegu estrategiaren helburu nagusiakBigarren mailako hezkuntza amaitzea eta ikasketak luzatzea sustatuko du Lan Sailak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu