Defizit muga handitzeak eragin zuzena izango du Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan. Biek ere 2012ko aurrekontuak luzatuko dituzte aurten, aurrekontu proiektu bat aurrera ateratzeko ezintasunaren aurrean. Jaurlaritzak atzo iragarri zuen aurrekontuak luzatuko dituela.
Espainiako Gobernuaren asmo hori oraindik Bruselak baimendu behar du, eta Espainiak zehaztu beharko du erkidego guztiei muga berdina ezarriko dien. %0,7tik %1,2ra igoz gero, Jaurlaritzak 325 milioi euro gehiago gastatu ahal izango ditu, hamarren bakoitzeko 65 milioi euro gehiago gastatu ahal dituelako. Ez dira diru sarrera automatikoak, hala ere. Muga handitzeari esker, zorpetzea handitu eta zor gehiago saltzeko aukera izango luke.
Zorpetzearen bidez lortutako diru hori soilik inbertsioak finantzatzeko erabili ahal izatea aurreikusten du legeak, eta ez gastu korronterako. Ondorioz koska esanguratsua eman beharko dio aurtengo gastuari Jaurlaritzak. Gutxi gorabehera, 600 milioi euro inguru.