enplegua

Jaurlaritzak aitortu du ondorio mugatuak dituztela bere enplegu planek

Iazkoak 11.585 lanpostu sortu zituen, iragarri baino 1.100 gutxiago.

Iker Aranburu.
2014ko maiatzaren 26a
16:50
Entzun

Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri duen 2014-2016 enplegu planak ondorio «mugatuak» izango dituela aitortu du Juan Maria Aburto Enplegu sailburuak. «Plana ez da sendagarria izango, aringarria baizik», adierazi du Aburtok, gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Plana urtarrilean jarri zen indarrean, eta EAJren eta PSEren arteko akordio baten ondorio daHaren puntu nagusiak dagoeneko aurkeztu ditu Jaurlaritzak beste agerraldi batzuetan. Hurrengo hiru urteotan 8.000 enpresa txiki eratzea du helburu, eta 32.000 enplegu sortzea. Horietako 8.000 (2.800 urtean) udalek beraiek sortuko dituzte,  Jaurlaritzak emandako laguntzarekin. Planaren atal hori hainbat astez atzeratu da likidezia eskasiagatik, baina oposizioaren kritika gogorrak iritsi eta berehala abian jarri zuen Jaurlaritzak.

Guztira, 6.475 milioi jarriko ditu Gasteizko gobernuak: 3.840 ekonomia biziberritzeko, 1.860 enpresei bermeak emateko eta 775 enplegu planetarako. Iaz 733 milioi jarri ziren atal horietan eta horiei esker 11.585 enplegu sortu zirela ziurtatu du Aburtok, espero baino 1.100 gutxiago.

Datu horiek oinarritzat hartuta, Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Jaurlaritzak ez duela «talka plan bat kalitatezko enpleguak sortzeko», eta enplegu prekarioa baizik ez dutela sortzen haren egitasmoek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.