Eusko Jaurlaritzak Euskaltelen bitartez estali nahi du krisiak diru kontuetan eragin zion zuloaren zati bat. Euskalteli salduko dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako telekomunikazio sare nagusiaren zati bat, eta sarearen truke jasotako akzioak salduko dizkie inbertitzaileei. Eusko Legebiltzarraren baimena lortu du operazioa egiteko. Akzioak saltzearen helburua Administrazioaren aurrekontuen egoera «arintzea» eta «lehentasunezko politikei aurre egitea» da. Saltzeko presa dauka, eta premiazko prozedura baliatu du. Abuztuko hiru egun gaitu ditu Ekonomia Batzordearen bilera egiteko eta gaia jorratzeko. Irailaren 30erako akzioak saltzen ez baditu, sarearen salmenta bertan behera utziko du.
Eusko Legebiltzarreko Ekonomia batzordeak baztertu egin zituen atzo EAk eta Aralarrek salmenten aurka aurkeztutako alegazioak. Telekomunikazio sarea eta akzioak saltzearen alde egin zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk. Batzordeak ohiz kanpoko bilera egin zuen atzo, abuztuan, gaia jorratzeko. Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarraren baimena behar zuen, hiru milioi eurotik gorako ondasuna baita.
Eusko Jaurlaritzak, beraz, saldu egingo ditu sarea eta akzio gehienak. Telekomunikazio sare nagusiagatik 68 milioi euro jasoko ditu akzioetan. Jaurlaritzak eskatutako azterketak dio sarearen zatiak 62-72 milioi euro artean balio duela. Gero, Jaurlaritzak akzioak saldu egingo ditu. Akzioen truke zenbat diru jasoko duen ikusteko dago.
Euskaltelek duela hamabost urtetik errenta ordaintzen dio Eusko Jaurlaritzari, sarea erabiltzeagatik. Errenta3,5 milioi euro da urtean. Zehazki, saldu egingo dizkio hiriburuen arteko sarearen zati bat —zuntz optikoa eta mikrouhinak—, sare nagusitik herrietara zabaltzen den sarea eta nodo zentroak. Salmentatik kanpo geratuko dira Eusko Jaurlaritzak erabiltzen duen sarearen zatia.
Operazio bakarra da, baina bi salmenta daude: sarearena eta akzioena. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Euskaltelek zuntz optikoko sare propioa badauka, enpresak gehiago balioko du, erakargarriagoa izango da inbertitzaileentzat, akzioek gehiago balioko dute eta Eusko Jaurlaritzak diru gehiago lortuko du akzioen truke. Argi eta garbi onartu du lehen operazioa tresna baino ez dela bigarrenean errentagarritasun handiagoa lortzeko.
Gaur egun, akzioen %7,45 dauzka. Sarea saltzearen truke akzioak jaso eta gero, %15 inguru. Eusko Jaurlaritzak partaidetza %5tik behera txikitu nahi du. Jaurlaritzak akzioak nahi ditu telekomunikazio sare nagusiaren zatiaren trukean, baina lortuko ez balu, dirua eskatuko luke.
Onuragarria Kutxabankentzat
Operazioan beste bi protagonista ere badaude: alde batetik, Euskalteli ezarritako 222 milioi euroko isuna, Orangekin zeukan akordioa hausteagatik 2006an —orduan Amena zen—; bestetik, Kutxabank, bera baita Euskalteleko akziodun nagusia.
Gaur egun, Kutxabankek Euskalteleko akzioen %67,93 dauzka. Gainera, hark eman zion mailegua Euskalteli isunaren bigarren zatia ordaintzeko: 125 milioi euro.Kutxabankek akzioen %50 baino gutxiago eduki nahi ditu. Zergatik? Akzioen erdiak baino gehiago baldin badauzka Euskaltelen emaitzak bere balantzean sartu behar dituelako, baita 222 milioi euroko zuloa ere. Jaurlaritzaren operazioak Kutxabanken akzioen balioa ere handituko du.
Euskaltel inbertitzaile bila ari da urtarriletik. Citigroup Capital Markets kontratatu du inbertitzaileak lortzeko. Urtarrilean, eskaintza egin zien hainbat inbertitzaileri, eta laster espero dituzte balizko inbertitzaileen lehen eskaintzak. Telecable, Apax, Trilantic eta R daude interesatuen artean.
Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidearentzat, «oso larria» da, «enpresa pribatu baten kudeaketa txarra estali nahi baitute ondare publikoarekin, herritarren zergekin ordaindutako ondarearekin».
EAko Juanjo Agirrezabala kezkatuta dago, «arriskua baitago Euskal Herritik kanpoko inbertitzaile batek Euskaltel kontrolatzeko eta erabakigunea Euskal Herritik ateratzeko».
EAJko Rikardo Gatzagaetxebarriaren ustez, ez dago arrisku hori, «Kutxabankek partaidetza gutxituta ere, bien artean %50 baino gehiago edukiko dutelako». Kutxabankek eta Jaurlaritzak publikoki ez duela halakorik bermatu. EAJ salmenten alde dago; beretzat, garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzaren esku jarraituko duela telekomunikazio sarearen zatirik handienak (%59).
Ondare «trukea»
Txaro Sarasua PSE-EEko legebiltzarkidearen hitzetan, «operazioak bermatu egingo du Euskaltelek 600 lanpostuei eustea». «Ona da ekonomikoki eta politikoki», gehitu zuen, «enpresa estrategiko bati errentagarriago bihurtzen lagunduko diolako eta herritar guztientzako diru sarrerak eragingo dituelako, lehentasunezko gizarte politiketan inbertitzeko».
PPko Antonio Danborenearen iritziz, ez da ondarea galduko, «trukatu baizik».
Jaurlaritzak babesa lortu du Euskaltel diru iturri gisa baliatzeko
Eusko Legebiltzarrak baimena eman dio telekomunikazio sarea Euskalteli saltzeko, 68 milioi euroren akzioen trukeJaurlaritzak akzioak saldu egingo ditu, krisiak eragindako zuloa estaltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu