kutxen bateratzea

Jaurlaritzak berretsi du EAJk eta PPk Kutxabankeko administrazio kontseiluko akordioa lortu dutela

PSE eta Bildu kanpoan geratu direnez, "kontseiluak ez du euskal gizartearen aniztasuna ordezkatuko, gizarte hau orain sekula baino pluralago denean", esan du Idoia Mendia bozeramaileak. BBK, Kutxak eta Vital Kutxak administrazio kontseilua 20 kidetik 15 kidera jaistea onartu dute. Gehiengoa EAJk eta PPk izango dute. 

2011ko abenduaren 29a
20:53
Entzun

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere esan du EAJk eta PPk Kutxabankeko administrazio kontseiluko hogei postuak banatzeko akordioa lortu dutela bart, PSE-EE eta Bildu hitzarmen hortik kanpo geratu direla eta, ondorioz, "kontseiluak ez du euskal gizartearen aniztasuna ordezkatuko, gizarte hau orain sekula baino pluralago denean". 

BBKk, Kutxak eta Vital Kutxak gaur onartutako erabakiaren ildotik administrazio kontseiluko kide kopurua 20tik 15era jaitsiko da eta, ondorioz, hasierako akordioan aldaketak izango dira. BBKk bederatzi kontseilari aukeratuko ditu –hamabi beharrean–, lau Kutxak –sei zegozkion lehen– eta bi Vital Kutxak. BBKk eta Kutxak eguerdian egindako bileran onartu dute aldaketa, eta Vital Kutxak arratsaldean eztabaidatu du erabakia. 

Beraz, EAJ eta PPren gehiengoak bere horretan jarraituko du. Akordioaren arabera, EAJk hamar ordezkari izango ditu, PPk lau eta beste zazpiak "profesional independenteak" lirateke, EAJk eta PPk adostutakoak.

Bestalde, BBKk Mario Fernandez proposatuko du Kutxabankeko presidente izateko. 

Bilduk eta PSEk aurreko asteetan esan dute administrazio kontseiluak "ahalik eta pluralena" izan behar duela eta EAJk ez duela gehiengo osorik eduki behar.

Iñaki Arriola PSEko agintariak azaldu du berak azken unera arte telefonoa piztuta izango duela akordioa lortzeko.

BBK-k (Bizkaia), Kutxak (Gipuzkoa) eta Vital Kutxak (Araba) sortu dute Kutxabank. Urtarrilaren 2an hasiko da martxan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.