Eraikuntza

Jaurlaritzak dio zaharberritzea dela eraikuntzaren flotagailua

2008tik enpleguaren %43 galdu du sektoreak, 35.600 enplegu. 2016an %1,1 egin du gora, eta jarduerak %1,6, baina Etxebizitza Sailak uste du ez dela hazkunde handirik egongo aurrerantzean.

Etxebizitza berriak eraikitzen. CHEMA MOYA /EFE
xabier martin
2017ko ekainaren 12a
07:35
Entzun

Krisi ekonomikoarentzat erregai izan zen sektoreak oso ahul jarraitzen du. 2008tik, eraikuntzaren puxika lehertu eta gero, sektorea odolusten aritu da gaur arte. EAEko BPGaren %5,8 ordezkatzen du, Pedro Jauregi sailburuordeak esan duenez; hau da, 2008an zuen pisuaren %61,5 galdu du. "Burbuila lehertu zenean, aurrean eraman zuen sektorea. 2015ean susperraldi txiki bat hasi zen, eta 2016an sendotu egin da, baina ez du zerikusirik beste sektore batzuk erakusten ari diren susperraldi mailarekin".

Obra publikoa lurperatuta dagoela esplikatu du sailburuordeak. Madrilek ezarritako zorroztasun fiskalaren itzalean, hori da eraikuntzari kalte handiena egin dion esparrua. Etxebizitzarena gora doa, ordea, oraindik kopuru apalekin bada ere. %16tik gora hazi da etxebizitza berrien obra, baina hobekuntza horrek muga handiak izango ditu. Hasteko, 2029. urtera arte 32.000 familia berri espero dira, eta kopuru hori oso apala da etxebizitzen negozioak gora egin dezan. Alegia, demografiak eta gazteen soldata txikiek ez dutela laguntzen.

Horiek horrela, Pedro Jauregik zaharberritzeari berezko garrantzia eman dio eraikuntzak aurrera egin dezan. 2016an, izan ere, inoizko baimen kopuru handiena egon da eraikinen zaharberritzeak egiteko, eta joera horrek horrela jarraituko duela uste dute Etxebizitza Sailean. Zergatik? Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitza parkea oso zaharra delako, eta 50 urtetik gorako eraikinen egoera aztertzeko derrigortasunak jarduera handia eragingo duela uste dutelako. 2019. urtera arte 75.000 azterketa tekniko egin behar dira EAEn, eta azterketa horiek "sarritan" obra garrantzitsuak egitera behartzen dute.

Sailburuordeak ohartarazi du Europan ere antzekoa dela eraikuntzaren alorraren egoera. Sektorearen jardueraren %60 zaharberritzean egiten dela dio, eta EAEn bakarrik %38 dela, eta kopuru horrek gora egingo duela. Horrek ez du 2008tik galdutako enplegua sorraraziko, noski. Benetan zaila da berriro orduko kopuruak berreskuratzea. 2008tik galdutako hamar enpleguetatik lau eraikuntzan galdu dira. Industrian galdu ziren beste bi, eta zerbitzuan galdutakoak dagoeneko berreskuratu dira.

Dena den, zaharberritzearen flotagailu horren garrantzia azpimarratu du sailburuordeak, etxebizitza berrien eraikuntzak ez duelako giharrik izango. 2016an, adibidez, 2006an eraiki ziren etxe berrien herenak besterik ez da egin. 2008. urteak oso urrun jarraitzen du sektorearentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.