Jaurlaritzak ehun milioi aurreztu nahi ditu funtzionarioen kontura

Sei murrizketa neurri proposatu dizkie sindikatuei; haiek indarrean jarrita, enplegua mantenduko dela esan duPlana gaitzetsi egin dute sindikatuek, eta zerbitzu publikoak sendotzeko eskatu dute

ELAko eta LABeko kideek protesta egin dute Funtzio Publikoko Mahaia Orokorraren bileraz baliatuz. JUANAN RUIZ / ARP.
Miren Garate.
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Langile publikoek eragiten dituzten gastuak murriztuta, ehun milioi euro baino gehiago aurreztu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak datorren urtean. Diru hori sei neurriren bidez lortuko duela jakinarazi die sindikatuei, Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean. Besteak beste, gaixoaldi kasuetarako proposatu du aldaketa. Soldata osoa gaixoaldia lanak eragindakoa denean soilik ordainduko du. Murrizketak eginagatik ere, zerbitzu publikoen kalitateari eutsi egingo zaiola esan du Juan Carlos Ramos Funtzio Publikorako sailburuordeak. Langile kopuruari dagokionez igo behintzat ez dela egingo dio, «baina egonkortasun handiagoa izango da».

Gaixoaldietarako aldaketaz gain, honako beste bost hauek proposatu ditu Jaurlaritzak: erretiro aurreratua hartzeagatik ematen diren pizgarriak kentzea; errelebo kontratua kentzea; 65 urtetik aurrera lanean jarraitzeko aukera ukatzea; lanbide karrerarako aukerak gutxitzea; eta lanpostu batzuetarako soilik hartzea ordezkapenak egiteko langileak.

Era berean, Ramosek adierazi du Jaurlaritzak absentismoaren aurka borrokan jarraituko duela. Haren esanetan, 2008an %6,1ekoa zen, eta aurten %5,5era murriztu da. Bitarteko lan kontratuei ere galga jarri nahi die, lan eskaintza publikoen bidez; halaber, asmoa da baliabide propioek izatea lehentasuna eta ahalik eta zerbitzu gutxien eramatea kanpora. «Helburuak enplegu publikoa mantentzea eta langileei egonkortasuna ematea dira, bitarteko lan kontratuek eragiten duten prekarietatea murriztuta».

Soldatei dagokienez, soldata oinarria Espainiako araudiaren menpe dagoela gogoratu du Jaularitzak. Funtzionarioen soldata ezingo dela Estatuko Aurrekontu Orokorretako Legean baino gehiago handitu diote Jaurlaritzak heldu den urteko kontuak egiteko prestatu zituen irizpideek. 2011. urterako legean, zehaztu zuten Espainiako funtzionarioei ez zitzaiela igoko soldata, eta irizpide hori ezarri zitzaien Jaurlaritzako langile publikoei ere, soldata oinarrian eta antzinatasunean, behintzat. Bi atal horiek ordainaren %30 eta %50 bitartean ematen dute. Egoera berriro errepikatuko dela ia ziurtzat jo du Jaurlaritzak.

Sindikatuek gaitzetsi egin dituzte proposatutako neurriak. ELAren arabera, ezinbestekoa da langileek erosahalmena berreskuratzea eta zerbitzu publikoak osatzeko enplegu gehiago sortzea. Bederatzi urtean sektoreko lan hitzarmena sinatu gabe egon ostean, 2010ekoa sinatu egin zuen ELAk —CCOOk eta UGTk ere bai—. Itunak lau puntu nagusi zituela azaldu du: soldatak, enplegua, azpikontratazioa eta euskara. «Inolako lotsarik gabeesan du akordio orokorra puntuz puntu bete duela». Inflaziotik gorako soldata igoerak hitzartu zituzten arren, funtzionarioen erosahalmena %13 jaitsi dela kalkulatu du ELAk. Era berean, 13.000 lanpostu egonkortzeko konpromisoa hartu arren 8.000 ere ez direla egin dio. «Euren hautu bakarra eskubideak eta zerbitzuak murriztea izan da».

LABen iritziz, onartezina da proposamena. «Kasurik onenean ere gaur egungo enplegua mantenduko dela esan digute, eta horren truke eskubideen eta zerbitzuen murrizketa onartu behar dugu». Sindikatuak azaldu du Jaurlaritzako ordezkariek gehien erabili duten hitzakendu izan dela. «Guk gure proposamenari eusten diogu. Uste dugu ez dela kentzeko momentua, zerbitzu publikoen garapenaren aldeko apustua egitekoa baizik».

CCOOren arabera, iaz Jaurlaritzak inposatutako murrizketa neurrien ondoren, «negoziazio kolektiborako ereduak porrot egin du». Gaur egungo zerbitzu publikoak mantentzea, menpekotasun kasuetarako arreta hobetzea eta 0 eta 3 urte arteko hezkuntza sistema publikoa zabaltzea proposatu ditu sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.