Igor Eizagirre ELAko Gizalan federazioko idazkari nagusiaren hitzetan “azken urteotan Euskal Autonomia Erkidegoan suntsitutako enplegu publikoa ez da berreskuratuko eta behin-behineko tasak bere horretan mantenduko dira. Eusko Jaurlaritzak atzo esandakoa propaganda hutsa da”.
Bilbon azaldu duenez, Jaurlaritzak atzo iragarritako 4.583 enplegu publikoetatik %90 aurrez egindakoak dira. Horrela, Osakidetzan eskainitako 3.335 enpleguak erakunde horretako administrazio kontseiluak 2016ko apirilean eta 2017ko uztailean onartu zituen eskaintzei dagozkie. Irakaskuntzari dagokionez, 795 plazatik 740 otsailean amaitutako prozesu bati dagozkio. "Langile horiek dagoeneko praktiketan lanean ari dira", zehaztu du Eizagirrek. Administrazio Orokorreko eta Ertzaintzako lanpostuak, berriz, erretiroa hartutako langileak ordezkatzeko dira. "Beraz, atzo aurkeztutako datuetan orain arte publiko egin ez diren 440 plaza daude, Administrazio Orokorreko 140 eta Ertzaintzako 300; beste guztiak onartuak eta aprobatuak eta martxan daudenak dira".
Hiru kongresu abenduan
Eizagirre Gizalan federazioko burua izan da azken urteotan, eta kargu horri eutsiko dio datozenetan ere, bera baita hautagai bakarra abenduaren 14an Gasteizen ELAren atal horrek egingo duen kongresuan. Gaur aurkeztu dutenez, Zerbitzuak federazioak hilaren 12an egingo du bere kongresua, Iruñean, eta hilaren 19an bilduko dira Industria eta Eraikuntza federazioko kongresukideak, Donostian.
Atal bakoitzari dagokion berezitasunak gorabehera, hiruek erronka berdintsuak dituztela nabarmendu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak: prekaritateari aurre egitea, soldata duinak lortzeak, lan baldintzak hobetzea eta generoak eragindako desberdintasunak gainditzea dira sindikatuaren federazioen helburu komunak.
Lan erreformak enpleguaren prekaritatea handitu duela esan du Muñozek, «patronalei botere izugarria» eman dielako negoziazio kolektiboan, eta soldata maila desberdinak sortzeko baliatzen ari direlako. «Hipokresiatzat» jo du Jaurlaritzak soldaten igoera eskatzea, «jendeak entzun nahi duena esatea», bere esparruan «Rajoyk erabakitzen duena» egiten duelako.