Jakina zena berretsi dute gaur Finantzen Euskal Kontseiluan: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek aurreikusitakoa baino diru gutxiago bildu dute zergetatik. 2015. urtean 13.080 milioi euro jasotzea aurreikusi bazuten ere, azkenean 12.612,6 milioi jaso dituzte; aurreikusitakoa baino 468 milioi gutxiago. Urrian bertan egin zuten azken aurreikuspena ere ez dute bete, neurri batean petrolioaren merkatzeak BEZaren bilketa uste baino gehiago jaitsi zuelako urtearen azken hilabeteetan.
Diru gutxiago bilduta ere, murrizketarik ez dutela egingo jakinarazi dute Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak, Ramiro Gonzalez Arabakoak eta Markel Olano Gipuzkoakoak.
Ez hori bakarrik. Diru sarrerak txikiagoak izan arren, aurreikusitako defizit mailari eusteko "aurreikuspena eta borondatea" daukala esan du Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun Sailburuak. Aurten, BPGaren %0,3ko defizita baimendu dio Madrilek Jaurlaritzari, 200 milioi eurotik gertu.
Ekarpen Legea adosteko asmoa ere badute lau instituzioetako ordezkariek. Abenduaren 16a baino lehen egitea hitzartu dute. Izan ere, orain indarren dagoena berritu gabe dago 2011tik.