Defizit muga

Jaurlaritzak eta Madrilek irailean negoziatuko dute berriro defizit helburua

Espainiako Ministro Kontseiluak ez du erabakirik hartu gaur Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ezarriko dien defizit helburuaren inguruan, nahiz eta herenegun %1,2ko muga ezagutzera eman zuen. Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun sailburuak esan du iraileko lehen egunetan ekingo diotela berriro bi gobernuek negoziazioari.

xabier martin
2013ko abuztuaren 2a
19:31
Entzun

Iñigo Urkulluren eta Yolanda Barcinaren gobernuei gaur bukatu behar zitzaien Espainiako Ogasunarekin defizitaren muga adosteko epea, baina ez da horrela izan. Ministro Kontseiluaren hasierak ezarriko zuen negoziazio epearen amaiera baztertuta, Madrilek negoziatzen jarraituko du Gasteizekin —Litekeena da Iruñearekin ere gauza bera gertatzea—. Hala berretsi du Jaurlaritzaren kasuan Ogasun sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriak. Hark esandakoaren arabera, "iraileko lehen egunetan" ekingo diote berriro negoziazioari, opor aurreko epean ez delako akordiorik lortu, eta irailean "bi aldeentzat egokia den akordioa" egiten saiatuko direla. Atzerapen honek ekonomia sustatzeko plana ez duela arriskuan jarriko erantsi du, diputazioakin "dezente aurreratua eta adostua" dagoelako jadanik.

"Ministro Kontseiluak onartu al du jadanik EAErako defizit muga?" galderari, "ez" soil batekin erantzun zion Espainiako presidenteordeak atzo, eta Gatzagaetxebarriak emandako informazioak osatu du puzzlea. Gobernu bniek ez dute akordiorik lortu, Urkulluren Gobernuak %1,2 ez , baina %1,3ko defizit muga nahi duelako, eta Madril ez dagoelako prest itxira batean hori onartzeko.

Hala eta guztiz ere, jakina da jadanik hala Eusko Jaurlaritzak nola Nafarroako Gobernuak BPGaren %1,2 inguru izango dutela defizit muga gisa aurten; Jaurlaritzak%1,39ko defizitarekin bukatu zuen iaz, eta Nafarroako Gobernuak %1,34rekin. Aurtengo azken kopurua %1,3tik «gertu» nahi du Jaurlaritzak bere kasuan; helburu horrekin aritu da luzatzen negoziazioa azken orduetan. Baina Madrilek ezarria du bere zenbakia Hego Euskal Herriko bi administrazioentzat: %1,2.

Madrilgo Zerga Politikaren Kontseiluaren ostean hedabideei banatutako informazioan ezagutarazi zuten herenegun %1,2ko defizit muga hori. Gainontzeko erkidegoek duten finantzaketa sistema arruntetik at daudenez —foru sistemaren erregimena dute— aldebiko harremanean negoziatzen ari dira Urkullu eta Barcinaren gobernuak. Gasteizko exekutiboak ez zuen ordezkaririk bidali ere egin Madrilgo batzarrera —estreinakoz, orain arte «begirunez» joan direlako beti—, aldebikotasun hori are nabarmenagoa egiteko. Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburua ez zen izan Cristobal Montoro Ogasun ministroaren deialdian, hortaz, baina bai Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilari nafarra. Lurraldeak duen aldebikotasunaren baldintzari erreparatuta, abstentziora jo zuen kontseilariak, ordea, Espainiako erkidegoentzat onartutako defizit muga asimetrikoa bozkatzean.

Ez zuen iritzirik eman, beraz, estreinakoz 'kafea denentzat' formula baztertu eta erkidego bakoitzari bere helburua ezartzeko sistemaren inguruan, hautsak izugarri harrotu baditu ere, tartean iaz helburua bete ez zuten erkidegoek defizit muga malguagoa izango dutelako helburua bete zutenek baino. Baina bertatik bertara jakin zuen Madrilek %1,2ko helburua ezarri diola Nafarroari aurten. Iruñeak zenbaki hori «malgutzea» nahiko lukeen arren, «kopuru egokia» dela uste du Goikoetxeak, «Nafarroak dituen behar ekonomikoei erantzuteko».

Iñigo Urkullu, «kezkatuta»

Bestelako iritzia dauka Jaurlaritzak Madrilek defizit helburuari dagokionez hartu duen erabakiari buruz. Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, «kezkagarria litzateke» azken erabakia Madrilek «bere kabuz» hartzea. «Hamarren bat gehiago» nahi du Gasteizek, BPGaren %1,3 izan arte.

Lehendakariak azaldu zuenez, hamarren horrek 70 milioi euro inguru gehiago emango lizkioke exekutiboari aurrekontuetan baliatzeko —diputazioekin partekatuko luke kopurua—, zorpetzeko gaitasuna handitu egingo litzatekeelako; Nafarroaren kasuan, berriz, hamarren bat gehiago lortzeak 20 milioi euro inguru gehiago ekarriko lizkioke.

800 milioiren sabaia gainditu

«Garrantzitsua» da %1,3ko kopuru hori lortzea «hutsuneei aurre egiteko», Urkulluren esanetan. «Ekitaldi honetan dagoen bilketa apalak» eragindako hutsuneei erreparatu zien lehendakariak. «Autogobernuaren sistema oinarri hartuta» adostu behar da EAEren defizit muga Urkulluren ustez, eta horrela ez egitea «oso kezkagarria» litzateke.

Barne produktu gordinaren %1,2ko defizit mugarekin egin zituen aurtengorako aurrekontuak Urkulluren gobernuak, baina gerora zorpetze muga hori %1,3ra igo zitekeela zabaldu zen, Europako Batasunak Espainiari jarritako defizit helburua malgutu ondoren. %0,7tik %1,2ra igo zen sabaia, eta gero 1,3ra, baina azken kopuru hori erkidegoen batez beste gisa onartu zuen Madrilek.

792 milioi euroko zorpetzea oinarri hartuta egin zituen, beraz, Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuak, hainbat murrizketa begien bistako geratuz. Azkenean zorpetze gaitasuna hamarren bat igotzea lortuko balu, hamarren horrek 70 milioi euro gehiago emango lizkioke aurrekontuan baliatzeko, guztira 800 milioi eurotik gorako kopurua baliatuz. Madrilek dauka azken hitza, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.