Etxeko langileak

Jaurlaritzak etxeko langileak diskriminatzen dituela salatuko dute Emakunderen eta Arartekoaren aurrean

Iazko otsailean Eusko Legebiltzarretik eskaera egin zitzaion Jaurlaritzari bederatzi hilabeteko epean etxeko langileen egoeraren inguruko ikerketa bat egiteko, “baina ez dute abiatu ere egin” Etxeko Langileen elkartearen arabera

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko urtarrilaren 25a
17:40
Entzun

Eusko Jaurlaritzak etxeko langileak gutxiesten dituela salatu du gaur goizean Etxeko Langileen elkarteak (ELE). Diskriminazio hitza erabili du Lorea Ureta bertako kideak, eta hitz hori erabili izanaren arrazoia eman du ostean. Urte bat beteko da laster Eusko Legebiltzarrak etxeko langileen egoeraren inguruko ikerketa bat abiatzeko eskaera egin ziola Jaurlaritzari. Txosten hori abiatzeko bederatzi hilabeteko epea ematen zion gobernuari, “baina oraindik ez dute abiatu ere egin” elkarteko kideen arabera. Horregatik diote etxeko langileak bazterrean uzten dituztela. Baina ez horregatik bakarrik. Etxeko langileei kontziliaziorako laguntzak eskaintzeko proposamena eraman baitzuten iazko maiatzean Legebiltzarrera, eta “EAJ, PSE eta PPk osatutako aliantzak atzera bota zuen aukera hori”. Horren ordainetan, neurri hori abiatzeko bideragarritasunaren inguruan ikerketa bat abiatuko zela hitzartu zuten, eta oraindik halakorik ez da abiatu ere egin. Horretarako epea, ordea, azaroan igaro zen. “Gaur gaurkoz etxeko langileek laguntza horiek gabe jarraitzen dute oraindik”. Horregatik guztiagatik adierazi dute etxeko langileak “diskriminatuta” daudela, eta hain zuzen horregatik, Emakune eta Arartekora joko dute egoera horren berri emateko. “Jaurlaritzak une honetan nahiago du beste alde batera begiratu, eta zaintza zerbitzuetan egin beharreko inbertsiorik ez egin”.

Etxeko Langileen elkarteak urtero aurkezten duen txostenaren harira egin ditu adierazpen horiek Uretak. Aholkularitza zerbitzua eskaintzen du elkarteak, eta iaz 506 pertsonen 546 zalantza artatu zituzten. Horietatik %97,3 emakumeak ziren, eta %60 etxean lo egiten duten langileak. Lan mota hori egiten duten pertsonen artean, %71,56k astean 60 ordutik gora egiten dute lan, eta behargin horien heren batek ez dauka egunero dagokion atseden ordurik etxetik irteteko. Areago, etxe barruan lo eginda lan egiten duten zaintzaileek astean 36 ordu jarraian atseden hartu behar dute legez, bada behargin horien %30ek bakarrik daukate horretarako aukera. Hori atsedenari dagokionez, baina soldatari begiratuz gero, egoera ez da asko hobetzen. Izan ere, etxeko langile horien gehiengoek astean 60 ordutik gorako lan asteak dituztela kontuan hartuta, gutxieneko soldata 1.267 eurokoa izan beharko luke ikerketaren arabera. Bada, %79.82k gutxieneko soldata horretatik beherako ordaina jasotzen dute.

ELEk urtetik urtera argitaratzen dituen datuek etxeko beharginen lan baldintza zailak agerian uzten ditu. Eta egoera hori bideratzeko Eusko Legebiltzarrak hiru bider eskatu dio Jaurlaritzari etxeko lanak egiten dituzten beharginen baldintzak kontrolatzeko lan ikuskaritza erabili dezan. Hain zuzen 2010, 2011 eta 2014 urteetan onartu ziren ebazpen horiek. Bada, ELEk salatu duenez gaur gaurkoz oraindik ez dute behar bezalako ikuskaritzarik egiten, eta oraindik “bitartekaritza lanak egiten dituzten agentzia batzuek egoera ilegalean egiten dute lan”. Horregatik, sektorea kontuan hartu eta egoera bideratzeko neurriak eskatu dituzte beste behin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.