Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du Jaurlaritzak ez duela grebarik egiten, lan erreformaren aurka martxoaren 29rako greba orokor deialdiaren harira. Hala ere, nabarmendu du arrazoiak daudela lan erreformaren aurka agertzeko, "enpresarien eta sindikatuen arteko harremana desorekatzen duelako eta kaleratzeak merketzen dituelako".
Horrekin batera, Lopezek aurreratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dutela aurrekontuetan murrizketarik aurreikusi. "Gastuetan egokitzeak" egingo dituzte, baina haren arabera, horiek ez dute gizarte zerbitzuetan eta "funtsezko politika ekonomikoetan" murrizketarik ekarriko.
Nafarroako Parlamentuan ez da jarduerarik izango martxoaren 29an, baina Alberto Catalan (UPN) parlamentuko presidenteak gaur esan du horrek ez duela esan nahi greba deialdiarekin bat egiten dutenik. UPN erabakiaren aurka azaldu da.
ELA eta LABen mezuak
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak nabarmendu du greba "sakeoaren aurreko oxigenoa" izango dela, eta ohartarazi du protesta ez dela martxoaren 29arekin amaituko, bestela ez lukeelako "ezertarako balio".
Haren arabera, "oso gogorra izango da datorrena", eta horri aurre egiteko modua "elkartzea" da.
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak CCOO eta UGT sindikatuei eskatu die "lan erreformaren gaineko erantzuna eta krisiari aurre egiteko aukerak" Euskal Herrian kokatzeko. "PPren gobernuaren neurrien aurka Euskal Herriko erabakitze gaitasunetik borrokatu ahal izango da", esan du. Positibotzat jo du Etxaidek bi sindikatu horiek greba orokor deialdia martxoaren 29rako egitea, hori "abiapuntu bat" izan daitekeelako.
ASLE: "Greba deialdia kontraesangarria da"
ASLE Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak jakinarazi du ez duela bat egiten martxoaren 29ko greba orokor deialdiarekin, defendatzen duen enpresa ereduarekiko "kontraesangarria" dela uste baitu. Hala ere, "greba egiteko eskubidea erabili nahi duen ororen gaineko errespetua" azaldu du.