MERKATARITZA

Jaurlaritzak mugatu egin du saltoki gune handien gehienezko eremua

Merkataritza gune berriek ezin izango dituzte 25.000 metro koadro baino gehiago izan

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2004ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Salbuespenak salbuespen, bukatu dira azkenaldian Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan eraiki diren merkataritza gune erraldoiak. Jarduera Ekonomikoak eta Komertzialak Arautzeko Lurralde Arloko Planaren bidez, Eusko Jaurlaritzak saltoki handien eremua mugatzea erabaki du: asko jota, hemendik aurrera eraikitzen diren gune berriek 25.000 metro koadro erabilgarri izan ahalko dituzte teilatupean. Guztira, aparkalekuak, sarbideak eta bestelakoak kontuan izanik orubeak ezin izan izango du 75.000 metro koadro baino gehiago.

Neurriak kalkulatzeko orain arteko irizpideak doitu ditu, halaber, Industria Sailaren eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren artean prestatutako planak. Orain arte saltokien azalera zehazteko erabilera komertziala zuen partea kontuan hartzen zen. Planak, berriz, aisialdiko erabilera duten zatiak ere zenbatzen ditu (zinemak, bolatokiak eta abar).Dagoeneko martxan diren zenbait gunek, ondorioz, txikiagoak beharko zuten. Irungo Txingudi, Donostiako Garbera, Leioako Artea, Etxabarri-Ibiñako Gorbeia eta Gasteizko Boulevarden kasuak dira, bai eta aurki ateak zabalduko dituen Barakaldoko Megaparkena ere. Ezarri den mugak, ordea, ez du eraginik izango araudia onartu aurretik egin ziren edo esku artean baimena duten ekipamenduetan. Hala ere, Ana Agirre Industria sailburuak azaldu duenez, ezin izango dute guneak gehiago handitu, dagoeneko 25.000 metrotik gora badute.Merkataritza zentroak aztertu ondotik, hiru multzo bereizi dituzte Arloko Planean. Lehenik eta behin, hiriguneen barruan kokaturik daudenak. Kasu horretan udal bakoitzari dagokio ekipamendu horiei baimena ematea ala ez. Bigarrenik, hiri eta herrien zabalguneetan eraiki direnak daude, industriarako erabiltzen ziren orubeak baliatuta; eta, hirugarrenik, gune populatuetatik kanpo dauden guneak. Azken bi atal horiek Lurralde Arloko Planaren bidez arautzen dira.Egoera eta populazioa kontuan hartuta, udalerrien arabera mugak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala, 25.000 metro koadro hiriburuei -Bilbo, Donostia eta Gasteizi dagokie. Hor sartu du Oion, Arabako Errioxan, Logroño parean duelako.Bestalde, eskualde mailako hiriburuetansaltoki handien gehienezko azalera 13.000 metro koadro dira. Horixe da, besteak beste, Laudio, Mungia, Azpeitia eta beste zenbait herriren egoera. Gainontzeko udalerrietan, berriz, saltoki batek, asko jota, 5.000 metro izan ahalko ditu sabaipean.«Denok dakigu halako guneek duten eragina, trafikoan edo ingurumenean, eta uste dut beharrezkoa zela oreka bat bilatzea», argudiatu du Sabin Intxaurraga Ingurumen sailburuak.

-

INDUSTRIA



 

Ekonomia jarduerak ere, finkaturik





Eusko Jaurlaritzak onartu duen Lurralde Arloko Planak 16 urte iraungo du, baina markatu diren ildoak berriz aztertuko dira zortzi urte barru. Merkataritzaz gain, jarduera ekonomikoak ere arautu ditu, udalerri bakoitzaren egoeraren arabera.Hain zuzen ere, hiru multzo handi bereizi ditu planak. Lehentasunezko interesa duten udalerriak dira garapen handia dutenak, eta jarduera ekonomikoei eusteko gaitasuna dutenak. Udalerri horietan ez dago gehienezko mugarik orubeak industriara bideratzeko.Hazkunde moteleko udalerriei dagokienez, eskualde mailako industriaguneak aurreikusi dira, eta, asko jota, Kantauriko isurialdeko herrietan 10 hektarea eta Mediterraneo Isurialdekoetan 15 hektarea gordetzea onartu dute, beti ere ingurumenari kalterik egiten ez bazaio.Hirugarren multzoan, garapen txikiko herrietan, hutsik dagoen lurzorutik hiru hektarea erabilera ekonomikorako babestu ahalko dira.Ana Agirre Industria sailburuak, bidenabar, orubeen kudeaketa udalerriz gaindikoa izatea defendatu du, eta eskualdeetan antolatzea. «Erakundeek area funtzionalen mailan ekonomia jarduetarako orubeen kudeaketa egin ahal izateko tresnak sortu eta garatu behar dituzte», zehaztu du Agirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.