Ekainean altzairutegiko langileekin adostutakoaren arabera, bihar irekita behar luke Arcelor Mittalen Sestaoko (Bizkaia) altzairutegiak. Zuzendaritzak proposatutako irekiera partziala onartu zuten langileek galdeketa bidez: 346 laguneko lantaldetik erdiak kaleratu eta uztail erditik aurrera soilik asteburuetan lan egitea 140-150 beharginek. Baina plan hori martxan jartzeko baldintzatzat jarri zuen Arcelorrek Eusko Jaurlaritzaren babesa eta laguntza lortzea. Negoziazioetan ari dira ekainaz geroztik, baina oraingoz ez dute akordiorik lortu. Multinazionalak, hortaz, datarik barik atzeratu du plantaren irekiera, baina Gasteizko Gobernuak pilota bere teilatutik kendu nahi izan du, esanez lantegiaren jabeari dagokiola "erabat" planta ireki edo ixteko erabakia hartzea.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du gobernua prest dagoela lankidetzarako, baina betiere "Europako Batasunean posible den markoaren barruan". "Ezin gara atera testuinguru horretatik. Ezin ditugu konpainia baten galerak ordaindu, hori juridikoki onartezina delako EBn", gaineratu du. Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak ekainean esan zuen gobernua ez dagoela prest altzairutegiaren "atalkako itxiera bat finantzatzeko", baina bai "epe luzerako plan sinesgarri bat" laguntzeko.
Arcelorreko zuzendaritzak, hain zuzen, Jaurlaritzarekin oraindik itunik lortu ez izana erabili du argudiotzat altzairutegiaren balizko irekieraren data atzeratzeko. Era berean, konpainiak azaldu du, akordio horren faltan, gainontzeko guztia prest daukatela: aukeratu dituztela 140 beharginak, beharrezko trebatze saioak egin dituztela eta lan egutegiak ere ondu dituztela.
"Itxura onik ez" Zumarragan
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Arcelor Mittalen Zumarragako lantegiaren egoerari buruz berba egin du: "Ez du txura onik" haren ustez, baina "esperantzarik ez galtzeko" eskatu du. Zuzendaritzaren eta langile batzordearen arteko negoziazio epea amaituta, beharginek Asturiasera lekualdatzeko aukera onartu ala borondatezko irteera onartu erabaki beharra daukate. Horretarako hasierako epea uztailaren 15a zen, bihar, baina konpainiak astebete luzatu die epea, hilaren 22ra arte.
Bi aldeek soilik 21 beharginen aurretiazko erretiroak adostu dituzte. Gaur, hain justu, Espainiako Enplegu Ministerioak azaldu du 834.000 euro bideratuko dituela langile horiek Gizarte Segurantzan egin beharreko kotizazioei aurre egiteko. Langile Batzordea, nolanahi ere, kexu da gainontzeko beharginek —321 dira— egin beharreko aukera iruzurra dela, ez dakitelako zeintzuk diren lan baldintzak Asturiasko lantegietan.