DIRU LAGUNTZAK

Jaurlaritzak onartu du arretaz gastatzeko eskatu diela bere sailei

PSE-EEk salatu du diruaren %20 gordetzeko agindu diela sailei. EH Bilduk dio udalei enplegua sustatzeko agindutako 20 milioi blokeatuta daudela.

EH Bilduko ordezkarien agerraldia Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2014ko apirilaren 16a
12:31
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren finantza egoerari buruzko zalantzak berriro azaleratu dira. PSE-EEk, Jose Antonio Pastorren ahotik, atzo ziurtatu zuen Jaurlaritzak agindu eman diela bere departamenduei diruaren zati bat gorde dezatela. PSEko Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen arabera, "duela aste batzuk" eman zuen ahozko agindua Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, gastu korronteetarako, diru laguntzetarako eta inbertsioetarako diruaren %20 gordetzeko eskatu die modu ez ofizial batean. "Zerbait ari da gertatzen Gobernuan; ez dugu esango Euskadi kiebran dagoela, beste batzuek oposizioan zeudenean esan zuten moduan [EAJk berak], baina jakin nahi dugu zer ari den gertatzen, eta zein den aurrekontuen errealitatea". 

Jaurlaritzak ez du guztiz gezurtatu Pastorrek salatutakoa. Agiri baten bidez zehaztu du ez duela erabaki formalik hartu edo ez duela araurik indarrean jarri aurten gastatu beharrekoa gutxitzeko. Baina sailei arretaz ibiltzeko eskatu diela onartu du. "Sailei informatu diegu zuhur jokatu behar dutela gastuen plangintza eta exekuzioa egitean, ikusita diru sarrerak nola doazen". Urteko lehen hiru hilabeteotan iaz bildutakoa baino %0,5 gutxiago jaso dute ogasunek, Bizkaian (-%0,5) eta Araban (-%6,9)  zerga bilketa jaisten ari delako. Gipuzkoan %2,4 hazi da.

Aurten 12.374  milioi euro biltzea aurreikusi zuten Jaurlaritzak eta hiru aldundiek urriko Finantzen Euskal  Kontseiluan. %4,2ko igoera zen iaz biltzea espero zutenaren aurrean, baina urte amaieran uste baino 123 milioi gutxiago sartu zirenez kutxetan, kopuru horretara heltzeko %5,3 handitu beharko dute bilketa.  

Gastu publikoa diru sarreren arabera "modu koherentean" moldatzeko asmoa duela berretsi du Jaurlaritzak. "Kontrakoa egitea ez litzateke zuhurra izango, eta inork nahi ez duen aurrekontu desorekatu posible bat ekar dezake". 

EH Bilduren salaketa

EH Bilduk, berriz, arlo zehatz baten inguruko salaketa egin du. Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, udalei enplegua sustatzeko agindutako 20 milioi euro blokeatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Udal eta eskualdeko ordezkariekin egindako agerraldian, Arrondok gogorarazi du iazko martxoan plan bat onartu zuela Jaurlaritzak udalei lanpostua sortzen laguntzeko. Hamasei milioi agindu zizkien iaz eta beste lau milioi aurten, eta helburua zen langabeak hiru eta sei hilabete artean kontratatzea.

Arrondoren datuen arabera, 51 udal eta mankomunitatek egin zuten eskaera, baina erantzunik ez diete eman ez Jaurlaritzak ezta haren menpeko Lanbidek ere. 

Dirua galtzeko arriskua dagoela uste du legebiltzarkide independentistak, diru laguntza jaso behar zuten proiektuek irailaren 30erako amaituta egon behar zutelako.

Aguraingo kuadrillako presidenteak, Gustavo Fernandezek, azaldu du bere eskualdean hamabost langaberen kontratazioa sustatzeko asmoa zutela; 140.000 euro jarri behar zituzten horretarako, eta Jaurlaritzaren aldetik 75.000 euro jasotzea espero zuten. Aguraingo kuadrillak galdetu zion Lanbideri zergatik ez zen dirurik heltzen, eta hark erantzun zuen dokumentazio guztia bidali ziola abenduan Jaurlaritzari, baina ez zuela erantzunik jaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.