Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegua erregulatzeko 265 espediente baimendu zituen otsailean. 3.938 langileri eragin diete, aurreko hilean baino %6 gutxiagori, baina 2012ko otsailean baino %31 gehiagori. 151 dosier kontratua aldi baterako eteteko izan dira; 99 lanaldia murrizteko eskatu dira; eta gainerako hamabostak, langileak kaleratzeko. Azken horien eraginez, 75 lagunek galdu dute enplegua. Espediente guztietatik erdiak, 133 hain zuzen, aurreko baten jarraipena izan dira, eta 2.972 langileri eragin diete. Hamarretik bederatzi zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien oniritziarekin aurkeztu dira.
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, industria sektoreko espedienteak mantendu egin dira; zerbitzuen sektorean, ordea, gehiago izan dira, eta eraikuntzan, gutxiago. Arrazoiei dagokienez, eskaria eta ekoizpena murriztu izana da nagusia oraindik. "Baina horiek kausa ekonomiko eta finantzarioekin estu lotuta daudenez, askotan zaila da batak eta besteak duten garrantzia bereiztea", azaldu du Enplegu Sailak.
Gaur egun,1.827 espediente daude indarrean. 17.189 langileri eragiten diete, eta horietatik 603 (%63) aurreko beste bati jarraipena ematen dioten espedienteak dira. Arabako lautada, Bilbo Handia eta Donostia aldea dira eskualderik kaltetuenak.