Azken asteotan gizarte prestazioez asko hitz egiten ari dela uste du LABek, baina okerreko arrazoiengatik hitz egiten dela. Batzuk ustez laguntza horietan gertatzen den iruzurraz mintzatzea hobesten duten bitartean, sindikatu abertzaleak iritzi dio laguntza horien eskasiaz hitz egin behar dela. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak gaur Donostian esan duenez, iruzurrari buruzko debateak "larrialdi egoeren ugaritzea ezkutatu nahi du". Haren esanetan, okerrera egingo du egoerak hurrengo hilabeteotan, gero eta gehiago direlako langabezia saria agortu duten herritarrak, eta lana duten askok oinarrizko errentaren laguntza behar dutelako, "izugarri kontratu prekarioak dituzten langileak" ugaritzen ari direlako.
Eusko Jaurlaritzak egoera horri ematen dion erantzuna ez da nahikoa, LABek uste duenez. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarako aurreikusi dituen 461 milioi euroak urrirako amaituko direla kalkulatu du Etxaidek, eta gehiago jarri beharko duela. Gainera, kexu da prestazio hori jasotzeko baldintzak bete arren milaka lagunek ez dutela eskuratzen, inork ez dielako esan eskubide hori dutela. "Ezkutatu egiten zaie", Etxaideren hitzetan. Hutsune hori bete nahi du, hein batean, LABek prestatu duen prestazioen eta diru laguntzen gidak.