Urteko hirugarren hiruhilekoan zor batzuk kitatu dituzte Hego Euskal Herriko gobernuek. Espainiako Bankuaren datuen arabera, bien artean 13.000 milioi euro baino gehiago zor dituzte: 9,772 milioi euro Jaurlaritzak, eta 3.504 milioi Nafarroako Gobernuak. 2015eko bigarren hiruhilekoan baino 131 milioi euro gutxiago zor ditu Gasteizko gobernuak, eta 82 milioi gutxiago Nafarroakoak.
Edonola ere, iazko mailatik oso gora daude bata zein bestea. Duela urtebete 649 milioi gutxiago zor zituen Jaurlaritzak, eta 177 milioi gutxiago Nafarroak.
Azken urteetako joerari jarraituz, urteko lehen erdian pilatu dituzte zorrak bi gobernuek.
Beste bezainbeste esan daiteke foru diputazioei buruz: 3.371 milioi euroko zorrak dituzte, hiru hilabete lehenago baino 208 milioi gutxiago.
Espainiako Bankuak Europako Batasunak gehiegizko prozeduragatik Espainiaren aurka zabaldutako prozeduraren irizpideen arabera neurtzen du erakunde publikoen zorra. Horren barruan ez da sartzen aldundien menpeko enpresa batzuena. Esaterako, errepideak kudeatzen dituzten hiru enpresa publikoek 2.000 milioi euro inguru zor dituzte.
Parametro horien arabera, Espainiako Erresumak 1,062 bilioi euro zor ditu. Aurreko hiruhilekoan baino 9.851 milioi euro gehiago dira, baina tarte horretan ekonomia hazi denez, BPGrekiko berdin mantentzen da zorra, %99,3an hain zuzen ere.