Eusko Jaurlaritzaren politika industriala gogor kritikatu dute, gaur goizean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Koalizio abertzaleak "herri akordio bat" eskatu du krisi industrialari aurre egiteko; Elkarrekin Podemosek, berriz, bilkura monografiko bat eskatuko du Eusko Legebiltzarrean, politika industrialaz eztabaida "serio eta lasaia" egiteko.
"Zezenak behin eta berriz harrapatzen du" Jaurlaritza, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan. Kritikatu du Iñigo Urkulluren gobernuak azken asteotan itxieraren bidea hartu duten enpresen krisiari aurrea hartu ez izana, eta gobernuaren "pasibitatea" eta "inhibizioa" salatu ditu.
"Uztail beltza" izaten ari dela azpimarrartu dute EH Bilduko ordezkariek, hamarretik gora direlako azken bi asteetan kolokan geratu diren enpresak. Honakoak, besteak beste: Edesa Industrial, CEL taldea, Xey, Naval, General Electric, Ingemar eta BSH Gasteiz.
EH Bilduk egoera bideratzeko neurriak "lehenbailehen" hartzeko eskatu du, eta baita Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra biltzea ere, "sektore industrialaren krisiari ahalik eta azkarren erantzuteko epe motzean". Nabarmendu du, era berean, kolokan dauden enpresetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpleguaren %1 dagoela jokoan.
Iriarteren esanetan, industria sektoreak "egiturazko arazoak" ditu: erabakiguneen galera, finantzaketarako zailtasunak, maila teknologiko apala eta lan harreman txarrak.
Jaurlaritzaren politika, "sekulako porrota"
Elkarrekin Podemosen ustez, "ageriko inkoherentzia" dago "instituzioak ematen ari diren mezu baikorren eta euskal sare industrialaren errealitate atsekabegarriaren artean". Hori dela eta, Joserra Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak iragarri du bere taldeak politika industrialari buruzko bilkura monografiko bat egitea proposatuko duela Eusko Legebiltzarrean, eta proposamen hori babesteko eskatu die gainontzeko alderdi politikoei.
Nabarmendu du egunez egun ari dela handitzen lekualdatzea edo itxiera iragartzen ari diren enpresen zerrenda, eta gaineratu du "asaldatuta" ari direla ikusten "ia gehienetan" Eusko Jaurlaritza rol nagusia ari dela jokatzen, "ia beti txarrerako". Kezkagarria da, Becerraren irudikoz, orain ixtear dauden enpresetako batzuetan Jaurlaritzak akzioen zati bat edukitzea edo eduki izana.
Era berean, deigarria iruditzen zaio Jaurlaritza izatea enpresa horietan bazkide kapitalisten sarrera hauspotu duena, "proiektu industrial serio eta sinesgarriak egin beharrean, gehienetan bideragarri izan zitezken jarduera industrialen itxiera eta likidatzea kudeatu baino egin ez duten bazkide kapitalisten sarrera".
Horrela, Elkarrekin Podemosen aburuz, beharrezkoa da "noraez hori zuzentzen lagunduko duen eztabaida serio eta lasai bat egitea, Euskadik politika industrial sendoa, koherentea eta adostutakoa behar duelako".