ekonomia

"Jendea kalera irtetea behar dugu, jendeak erantzutea" diote sindikatuek

Amaiurrek erabateko babesa emango dio greba orokorrari, EAJk, ordea, esan du ez duela babestuko eta PSEk, CCOOk eta UGTk deialdiarekin bat eginez gero, aztertuko duela babesa ematea. Sindikatu abertzaleek goizean sartu dute martxoaren 29ko greba orokorrerako eskaera. Hiruk jakinarazi du bera ez dagoela lanuztearen deitzaileen artean. Espainiako lan erreformaren aurkako mobilizazioa izango da ELA, LAB, ESK, EILAS eta EHNEk deitutakoa. Bideoa: Sindikatuetako ordezkariak grebarako deialdia erregistratzen, gaur goizean.

2012ko otsailaren 17a
17:39
Entzun

Amaia Muñoa ELAko kideak mobilizazioa lan eta bizi baldintzak defendatzeko "ezinbestekoa" dela adierazi du eta deialdiari masiboki erantzutera bultzatu ditu herritarrak; "jendea kalera irtetea behar dugu, jendeak erantzutea". Gaineratu du mobilizaio hau ez dela lehendabizikoa, ez eta azkena izango. Muñoaren esanetan erreformak "alde bakarreko erabakiak hartzeko erabateko aukera ematen dio enpresariari eta langileak babesik gabe uzten ditu".  

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere kaleak hartzera deitu du eta azpimarratu mobilizazioak hiru helburu dituela: inposatutako erreforma salatzea, enpresak aberasten dituen aukera politikoa salatzea eta alternatiba badagoela azpimarratzea. 

Greba eskaera gaur egin dute ELA, LAB, ESK, EILAS eta EHNEk

ELA, LAB, ESK, EILAS eta EHNE sindikatu abertzaleek atzo arratsaldean iragarri zuten martxoaren 29rako greba orokorra deituko dutela Hego Euskal Herrirako, eta gaur 11:00etan sartu dituzte horretarako eskaerak erregistroetan: Bilbon Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan eta Iruñean Nafarroako Lan Departamenduaren bulegoetan.

Espainiako lan erreformaren aurkako mobilizazioa izango da, eta eskubide sozial eta laboralen alde ere ariko dira, sindikatuek esan dutenez.

Eurek atzo zioten deitzaileen artean Hiru sindikatua ere badagoela, baina honek gaur jakinarazi du berak ez duela deitu.

EAJk ez du greba orokorra babestuko

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak esan du bere alderdiak ez duela babestuko sindikatu abertzaleek Espainiako lan erreformaren aurka martxoren 29rako deitutako greba orokorra, eta "gogoeta sakona" egiteko eskatu die, "beharrezko" lan erreformaren eta langileen eskubideen artean "oreka" aurkitzeko. 

Urkulluk sindikatuek grebara deitzeko duten eskubidea errespetatzen duela adierazi du, baina kezka agertu du Hego Euskal Herriko lanuztea Espainiara zabal daitekeelako eta mobilizazio horiek egungo krisian izan ditzaketen ondorioengatik. EAJko buruaren esanetan, krisitik ateratzeko gakoa "lana eta ekonomia sortzea da" eta, horretarako, "beharrezko" ulertzen ditu zenbait erreforma, lan erreforma barne. 

PSE-EEk adierazi du CCOOk eta UGTk greba orokorrarekin bat eginez gero, aztertuko duela babesa ematea. Esan du "kezkatzeko arrazoiak" badaudela eta sindikatuen mobilizazioak "ulergarriak" direla. Igandean UGT eta CCOO sindikatuek Bilbon egingo duten manifestaziora PSEko ordezkariak joango direla baieztatu du alderdiak.

PPren hitzetan, "greba deialdiak ez du lanposturik sortuko" eta adierazi du ekonomiaren egoera "larria eta kezkagarria" dela. Euskal Herriak krisia "gutxiago" jasa duen arren, lan arazoak "areagotzen" joango direla gehitu du. 

Amaiurrek, aldiz, babes "osoa" emango dio martxoaren 29ko grebari. Donostian egin duten agerraldian, Txelui Moreno Ezker Abertzaleko kideak eta Pello Urizar EAko idazkari orokorrak, mobilizazioekin bat egitera dei egin diete herritarrei, "erasoaren larritasunari behar adinako erantzuna emateko". Amaiurrek azpimarratu du grebaren helburuak lan erreformaren aurka eta eredu sozioekonomiko alternatibo bat alde egitea direla. 

CCOO eta UGT sindikatuek protestarekin bat egiteko aukeraz galdetuta, Morenok erantzun du martxoaren 29a bitarte an murrizketen eta erreformaren aurka dagoen orok egin dezakeela bat. Azpimarratu du denak elkarrekin joatea onuragarria litzatekeela. 

Krisia hasi zenetik laugarren greba orokor deialdia

Krisia hasi zenetik egingo duten laugarren greba da. 2009ko maiatzaren 21ean egin zuten lehenengoa, eta gehiengo sindikal berrosatuaren lehen protesta bateratua izan zen. Bestelako eredu sozio-ekonomikoaren alde lelopean egin zuten.

Handik urtebete eta gutxira izan zen bigarrena, 2010eko ekainaren 29an. Oraingoan bezalaxe, lan merkatuaren erreformaren aurka protesta egiteko zen. PSOEren orduko gobernuak egin zuen erreforma txiki utzi du orain PPk egin nahi duenak.

Azkena, berriz, duela urtebete eskas izan zen: 2011ko urtarrilaren 27an dozenaka mila langile geratu ziren, gizarte zerbitzuen murrizketei aurre egiteko eta Espainiako Gobernuak onartu nahi zuen pentsioen erreformari erantzuteko.

Sindikatu horiek berek beste hainbat protesta bateratu egin dituzte sektore publikoan, azkenekoa hil honen 9an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.