Goizean Gasteizen gertatu den bezala, arratsaldean milaka pentsiodun elkartu dira Bilbo, Donostia eta Iruñean ere pentsio duinak eskatzeko. Aste honetan onartu dute Espainiako Kongresuan aurrekontuekin batera %1,6ko igoera, baina pentsio duinen aldeko mugimenduak indartsu eusten dio borrokarako deiari. Gazte nahiz heldu denek egin dute bat pentsiodunen aldarrikapenekin kalean: alegia, 1.080ko gutxieneko pentsioak eta KPIaren araberako igoerak.
Antolatzaileek aurrerapausotzat jo dute EAJk Madrilgo gobernuarekin adostutako akordioa, baina hori baino gehiago eskatzen dute. "Ez da nahikoa" esatearekin batera, "arduraz" joka dezala eskatu diote legebiltzarrari, haren esku baitago pentsioekin lotutako osagarria erabakitzea.
Gasteizen Juan Antonio Armentia bozeramaileak salatu du jeltzaleen eta PPren arteko akordioak ez duela ahalbidetzen pentsiodunen erosahalmena berreskuratzea: "Gezurra esaten dute diotenean ez dagoela dirudik demografiaren hazkundeari eta bizi itxaropena luzatu izanari aurre egiteko. Krisia hasi aurretik zegoen baino diru gehiago dago, baina hura modu bidegabeagoan banatzen da".
Arratsaldean heldu da beste hiru hiriburuen txanda. Donostia izan da lehena. Han gazte mugimenduek ere bat egin dute pentsiodunek deitutako mobilizazioekin. Hain zuzen, haien sostengua lortzeko ahalegina egin dute pentsiodunek azken asteetan. "Gazteok guk baino zailago daukazue", ohartarazi du alargun pentsioagatik 630 euro kobratzen duen emakume batek —Hego Euskal Herrian, emakumeen %70,9k dute mila eurotik beherako pentsioa, eta iparraldean, %24,9k—.
Sekulako jendetza Donostian. Ia ibilbide osoa beteta. #PentsioDuinak@berriapic.twitter.com/IA2hkEEXcS
— jon fernandez (@JONfrnndz) 2018(e)ko maiatzaren 26(a)
Donostiako protestan izan da EH Bilduko diputatu Maddalen Iriarte ere, pentsiodunei babesa emateko: "Gure egiten ditugu haien aldarrikapenak. Sentitzen dugu, ordea, Iñigo Urkullu lehendakaria etorri ez izana, haien eskaerak entzun ahal izateko".
Hiriburuetan ez ezik, Altsasun (Nafarroa) eta Eibarren (Gipuzkoa) ere kalera irten dira herritarrak pentsiodunen egoera salatzeko.
Jendetza #Eibar-ren! Aurrera pentsiodunak! âÂÂÂÂÂÂÂœŠBabes eta segurtasun sistema propio baten alde! #PentsioDuinak#PensionesDignas#1080europic.twitter.com/IMd8AMqUly
— EH Bildu Eibar (@EHbildueibar) 2018(e)ko maiatzaren 26(a)
Horrez gain, astelehenero legebiltzarraren aurrean biltzeko deia egin diete pentsiodunek herritarrei.