Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek gaurko deitu zuten greba eguna arrakastatsua izan da, bart gauetik hasi eta arratsaldeko mobilizazioetara arte. Eguerdian bezala, arratsaldean ere jendetza bildu da hiriburuetako eta herri eta eskualde mailako manifestazioetan.
Greba eguna gaur eguerdian iritsi da pikoetako batera. Arratsaldean eskualde eta herrietan izan dira manifestazioak, baina eguerdian jada Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestatu dira milaka eta milaka lagun. Hainbat auzo eta herrietatik abiatu dira zenbait zutabe, eta horien tamainak mobilizazio masiboa iragarri du, hasi aurretik ere.
"Itxura guztien arabera oso jendetsua izango da Donostiako manifestazioa. Sagueseko zutabean aurrenak iritsi dira Bulebarrera eta azkenak oraindik Saguesen daude", idatzi du Miren Garate BERRIAko Ekonomia saileko kazetariak Berriketan.info sare sozialean eguerdian. "Manifestazio izugarria doa Donostikoa. Sindikatuetako banderak, islandiakoak, independentziaren aldekoak, Soviet Batasunekoak, feministak,…eta saltoki ia guztiak itxita", gaineratu du Jon Olano BERRIAko kazetariak
"Iritsi da ordua! Zutabe guztiak gaztelu enparantzan! Izugarria! Kolosala!", dio Ainhoa Aranok, Iruñetik. Gizarte eragile eta langabetuek hartu dute hitza Iruñeko ekitaldian eguerdian eta agintariei mezu garbia bidali diete, txalo artean: "Lotsagabe batzuk zarete! Lapurreta eta espekulazio gehiagorik ez! Gaur greba eta bihartik aurrera borroka!". Manifestazioa hain zen handia Iruñean buruak atzeko aldea harrapatu duela ibilbide guztiari buelta eman ondoren.
Arratsaldean ere Aranok kontatu duenez, jendetza bildu da Iruñean.
Bilbon Aitziber Laskibar BERRIAko kazetariak ondorengoa esan du, eguerdian: "Bilbon, bi mundu metro gutxitan: ehunka lagun Moiua eta Euskadi plazetara hurbiltzen, eta Casilda parkean, aldiz, dozena bat pertsona tabernetako terrazetan kafea hartzen. Kale Nagusia moztuta, eta musika jarrita. Manifestazioa hastear". Antolatzaileek ondoren jakinarazi dutenez, 25.000 lagun bildu dira Bilboko manifestazioan.
Gasteizen ere manifestazio izugarri handia izan da. Manifestazioaren burua Corte Ingles merkatalgunearen parean zen bitartean, atzeko aldea Artium inguruan zen. Ertzaintzak kargatu egin du Gasteizen manifetarien aurka.