LAN GATAZKA

Jendetza elkartu da Iruñean TRWko lanpostuak defendatzeko

Sindikatu eta alderdi politikoetako ordezkaritza zabalak bat egin du Nafarroako enpleguaren defentsan lelopean eginiko manifestazioarekin. Lantokia ez ixteko eta lan erregulazio txostena eteteko eskatu dute mobilizazioan.

Milaka lagun Iruñean protestan, TRWko langileek deitutako martxan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2016ko urtarrilaren 30a
01:14
Entzun

Joan zen asteazkenean jakinarazi zien zuzendaritzak hango langileei 250 langile kalera botako dituztela, eta gainerakoei ez diela lanpostua bermatzen 2018ra arte baizik. Protestan ari dira berria eman zietenetik, eta manifestazioa egin dute Iruñean, autobus geltokitik Sarasate pasealekura. 17:00etan irten dira, eta milaka lagunek egin dute bat deialdiarekin.

Lan gatazkak dituzten beste enpresa batzuetako langileek ere bat egin dute manifestazioarekin; tartean, Alstomekoek:

Nafarroako Parlamentuko talde guztiek babestu dute protesta, eta bertan izan dira, besteak beste, legebiltzarreko presidente Ainhoa Aznarez, Ezkerrako Jose Miguel Nuin, UPNko Jose Javier Esparza, PPko Ana Beltran, EH Bilduko Bakartxo Ruiz, Ahal Dugu-ko Laura Perez, Geroa Bai-ko Koldo Martinez... Martxara batu da Joseba Asiron Iruñeko alkatea ere, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariez gain.

TRWko 250 behargin kaleratzeko arriskuan jarri dituen erregulazio espedienteari aurre egiteko, Volkswagen Polo modelo berriaren direkzioak eurek egitea proposatu du langileen batzordeak. Arazoa konpontzeko "aukera ona" litzatekeela uste dute —Iruñeko Landaben auzoan dute egoitza bi enpresek—, eta urratu beharreko negoziazio bide bat dela. Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Manu Aierdik egin bezala, Landabengo fabrikako gerenteak ere VWi presio egiteko eskatu die, direkzioak Iruñean ekoitz ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.