Jon Telletxea eta Urtzi Martinez grebalariei babesa adierazteko asmoz, manifestazioa antolatu dute astelehenerako. Bilbon izango da, Done Petri plazatik abiatuta, 19:00etan. Eleak mugimenduak salatu du ez duela "inongo muntaia polizialik" onartuko, eta babesa adierazi die Deustuko bi gazteei: "Ez dira bakarrik egongo". Bizkaiko Sortuk Twitter bidez adierazi duenez, herritarren eskubide sozialen eta lan eskubideen alde egiteak "ezin du delitu izan".
Bi urte eta erdiko espetxe zigorra jarri diete Telletxea eta Martinezi, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorreko istiluetan parte hartu izana egotzita. Hasieran, zigorra 15 hilabetekoa zen, baina desordena publikoa eragitea leporatuta zigorra handitu egin zieten.