Bankuetako akziodunen batzar nagusietan agertu izan da Jordi Calvo. Tranpaldora igo eta kontuak eskatu dizkie BBVA, Santander eta Caixako presidenteei, industria militarrean dituzten inbertsioengatik. Ekonomista da, eta Kataluniako Centre d'Estudis per a la Pau JM Delas erakundeko ikertzailea. Krisiaren ondorioak nabari ditu armen industriak ere, salmentak apaldu baitira; hala ere, Calvok nahi baino gutxiago. Egungo gastu militarra arrazoitzeko inongo motiborik ez dagoela dio.
Krisi garaiotan, aldaketarik izan al da gobernuen politika militarrean?
Herrialde askok gutxitu egin dituzte aurrekontu militarrak, azken bizpahiru urteetan, batez ere. Hori gertatu da historian gastu handia egin izan duten herrialdeetan ere, AEBetan, Alemanian, Frantzian... Dena den, aurrekontua igo duenik ere bada, Txina eta Errusia nagusiki. Industria militarrak ia guztia armadari saltzen dio; gobernuek erosten dituzte armak defentsa ministerioen bidez. Krisiaren eraginez, %5 inguru murriztu dira salerosketak. Baina, kontrara, azken urteotan gertatu da era berean gatazkak gehitu egin direla; esku hartzeak izan dira Malin eta Libian, eta Siriako gerra ere hor dago.
Azken asteotan bolo-bolo ibili da nazioarteak Sirian esku hartzeko aukera. Gatazka hori nola ari da eragiten armen industrian?
AEBek Siriari eraso egiteko asmoa erakutsi izanak bakarrik eragina izan du: aurtengo lehen seihilekoan hazi egin dira AEBetako arma industriaren salmentak eta irabaziak. Itxura denez, armak erosten hasi dira, erreserban edukitzeko. Bistan da arma enpresek gatazka armatuak izateko interesa dutela, eta merkatu logikak dio interesa badute ahal dutena egingo dutela gatazka horiek sustatzeko.
Armen industria ere aldatzen ari da. Piloturik gabeko hegazkinek, drone delakoek, gero eta arrakasta handiagoa dute. Nor ari da eskuratzen merkatu hori?
Analista askoren ustez, droneak izango dira etorkizuneko industria militarra; horregatik, denek nahi dute merkatu horren zatirik handiena eskuratu, urte batzuk barru piloturik gabeko hegazkinek ordezkatuko dituztelako bestelako hegazkinak. Drone delakoek erabilera zibila edo militarra izan dezakete, baina paraleloki garatzen dira, antzeko teknologia dute, ematen zaien erabilgarritasunean dago aldea. Europa ari da zerbait egiten, baina oker batzuk ere egin ditu. Alemaniak, esaterako, bertan behera utzi behar izan du proiektu bat, dirutza publikoa gastatu eta gero. Espainian, Expalek prestatu du drone txiki bat —enpresa horrek lehen lantegi bat zuen Araban—, eta EADS ere ari da lanean. Dena den, oraingoz merkatua AEBen eta Israelen esku dago. Etorkizunean ere, orain prototipoak egiten ari diren enpresetako askok ez dute arrakastarik izango, eta gutxi batzuen esku geratuko da merkatua.
Armen industrian, zein produktuk dute arrakastarik handiena?
Espainian, esaterako, elektronikan eta telekomunikazioetan aritzen direnak doaz ondo. Gainera, badirudi ez dutela armarik egiten. Osagai elektronikoak egiten dituztela esaten dute, garapen teknologiko handikoak. Prentsa ona dute, babes publikoa eta I+G arloa sustatzeko aukera handiak. Baina misilek eta egungo arma askok ezingo lukete tiro egin osagai elektroniko horiek gabe.
Babes publiko handia izaten dute arma enpresek?
Bai, izugarria, botere publikoek gehiegi mimatzen dute armagintza. Laguntzeko hainbat modu dituzte: ekoizpena bermatzen diete kontratuen bidez, armak erosten dizkiete, I+Grako laguntzak eman... Espainian, esaterako, urte batzuetan I+G militarra handiagoa izan zen I+G zibila baino.
Defentsa ministerioek aurrekontu jakin bat izan arren, beste sailetatik ere xurgatzen dute dirua. Esaten denaren eta gastatzen denaren artean ezberdintasun handia egoten da?
Guk urte asko daramatzagu Espainiako Gobernuaren aurrekontuak aztertzen, eta urtero, Defentsa Ministerioak bikoiztu egiten du hasierako aurrekontua. NATOk irizpide batzuk ditu gastu militarra zer den kalkulatzeko, eta irizpide horiek aintzat hartuta, beti bikoizten da aurrekontua. Hain zuzen, defentsa ministerioaren aurrekontuaren erdia joaten da beste sailetan ezkutatuta. Gainera, urtero gauza bera gertatzen da: gobernuak esaten du aurrekontu bat duela, eta gero, normalean uztailean edo abuztuan, ahalik eta oharkabeen pasatzeko, ministroen kontseiluak aparteko kreditu bat onartzen du arma berriak ordaintzeko. Kontratu horiek orain dela urte batzuetatik daude eginda, baina aparteko kreditu horiek ez dira ageri aurrekontuetan. Iaz nahiz aurten, urtero 2.000 milioi eurokoak izan dira kredituak.
Zuen elkarteak behin eta berriro salatu du finantza erakundeek arma enpresei ematen dien laguntza. Zergatik babesten dute hainbeste sektorea?
Dirua ematen duelako. Enpresa militar batek ona duena da atzetik estatua duela eta ondorioz, nahiko inbertsio segurua dela. Beste arrazoi bat estrategiarena da. Historikoki BBVAk, Santanderrek eta kutxek ere, akzioak izan dituzte euren inguruko arma enpresetan. Nahi izan dute nazioaren segurtasunerako gakoa diren enpresen gaineko kontrola izatea.
Etorkizunera begira, zein aurreikuspen dituzue? Gutxituko dira estatuen gastu militarrak?
Guk itxaropenez lan egiten dugu; espero dugu aurrekontu militarrak gutxituko direla, zentzuzkoa delako moralki gaitzesten duzun horri hainbeste diru ez ematea. Gainera, ez dago gastu hori arrazoitzen duen inongo arrisku edo mehatxurik. Baina errealitateari begiratuta, ez gara hain baikorrak. Hori bai, oso litekeena da gobernuek, krisiaren ondorioz, gastua gutxitzea, eta horrek zertxobait eragin dezake armen produkzioan eta baliteke pixka bat gutxitzea. Ea joera horrek jarraitzen duen, bake egoeran askoz aberastasun handiagoa sortzen baita. Katalunian, adibidez, jende askok esaten du independentzia lortuz gero ez duela armadarik nahi, edo ez, behintzat, halako gasturik.