El Confidencial agerkariaren arabera, Jose Maria Etxebarria Artetxerena da Falciani zerrendan ageri den 150 izenetako bat. Informazio horien arabera, 1999tik 2007ra bitartean izan zuen Suitzan kontua. Bertan, 131.038 dolar eduki ditu jasota. Espainiako Olinpiar Batzordeko presidentea eta BBVAko zuzendari nagusi izan zen getxoztarra. Egun, Adecco fundazioko presidentea da.
Igandean hasi zen ICIJ Nazioarteko Ikerketa Kazetaritzaren Kontsortzioa Suitzako bankuaren sekretupeko informazioa argitaratzen, Herve Falciani bankuko langile ohiak lapurtutako artxiboetan oinarrituta. Apurka-apurka ari dira HSBCren bidez ustez zerga iruzurra egin zutenen izen-abizenak argitaratzen, eta aktore, musikari, futbolari, enpresari eta pertsona ospetsu ugariren nortasunak filtratu dituzte oraingoz.
Hedabide ugarik argitaratu dutenez, gutxienez 150 euskal herritar leudeke Falcianiren zerrendan; 80 bat Gipuzkoakoak, 62 Bizkaikoak eta 11 Arabakoak. Zerrendan nafarrik baden ez da oraindik ezagutarazi.
Noticias taldeko egunkarien eta Ser irrati katearen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek 2010ean jaso zuten HSBC bankuan dirua ezkutatuta zuten euskal herritarren zerrenda, eta gehien-gehienek ogasunari zor zioten dirua itzuli zuten garai hartan.