Europako Batzordeko presidentea, Jean Claude Juncker, Greziako Gobernuak datorren iganderako deitu duen erreferendumaren kanpainan sartu da gaur, bete-betean. "Greziarrei 'bai' bozkatzeko eskatzen diet", azpimarratu du. Troikako erakundeek aurkeztu duten proposamenaren aldeko botoa "seinale indartsua izango litzateke" Greziak Europako Batasunaren eta eurogunearen parte izaten jarraitu nahi duela adierazteko.
Zuzenean aipatu gabe, igandeko bozketan jokoan egongo dena Grezia batasuneko kide izaten segitzea edo ez izango dela iradoki du Junckerrek: "Greziak Europari ezetz esaten diola esan nahiko luke 'ez' bozkatzeak". Kazetariek galdetuta, gehiago sakondu ideia horretan: "Ezetz bozkatzea hondamendia izango litzateke". Alemaniako Ekonomia ministroak ere esan du greziarrek euroan jarraitu edo ez bozkatuko dutela. Merkel kantzillerra prest agertu da erreferendumaren ostean Greziarekin hitz egiteko, "Tsiprasek eskatzen badu".
EBko presidentea gogor mintzatu Alexis Tsiprasen gobernuarekin izandako negoziazio prozesuari buruz. Greziarrei ez zaiela egia esan aldarrikatu du, esaterako. "Ez ditugu soldatak edo pentsioak gehiago murriztea eskatu", ziurtatu du. Horrekin batera, proposameneko erreforma programa "sozialki bidezkoa" dela uste du, "Trazionatuta" sentitzen dela ere azaldu du, Grezia mahatik altxa, galdeketa deitu, eta ezezkoaren alde kanpaina egin duelako.
Goizean aipatu da troikako erakundeetatik eskaintza berri bat aurkezteko aukera. Ez da halakorik gertatu. "Nahikoa malgutasuna izan dugu", justifikatu da Juncker.
Alemaniako, Frantziako eta Italiako gobernuek EBren ikuspuntua babestu dute. Hau da, igandeko galdeketa ez dela izango troikako erakundeen eta Tsiprasen gobernuaren arteko lehia, baizik eta Greziak eurogunean segitzeari buruzkoa. "Euroa edo dracma. Hori da aukera", txiokatu du Italiako lehen ministroak, Matteo Renzik.
The point is: greek referendum won’t be a derby EU Commission vs Tsipras, but euro vs dracma. This is the choice.
— Matteo Renzi (@matteorenzi) June 29, 2015
Kapital kontrolak indarrean
Gaurtik aurrera eta astebetez dirua ateratzeko aukera mugatuta edukiko dute Greziako herritarrek. Neurria atzo iragarri zuen Greziako Gobernuak, finantza egonkortasunerako kontseiluaren eta ministro kontseilu ezohiko baten ondoren. "Gizalegea eta pazientzia behar ditugu orain. Greziako bankuetan dauden gordailuak erabat bermatuta daude", ziurtatu zuen Tsiprasek, erabakia iragartzeko agerraldian. Soldaten eta pentsioen ordainketak ere bermatuta daudela azpimarratu zuen.
In the coming days, what's needed is patience and composure. The bank deposits of the Greek people are fully secure. #Greece
— Alexis Tsipras (@tsipras_eu) June 28, 2015
EBZ Europako Banku Zentralak Greziako bankuei ematen dien premiazko likidezia —ELA izenekoa— bere horretan uztea erabaki zuen atzo. Hots, ez zien iturri hori moztu, baina ez zuen emandako diru kopurua handitu. Greziako bankuak oso ahul daudenez, kopurua igo ezean kapital kontrolak ezartzea zen porrota eragozteko bide bakarra. Greziako Bankuarekin elkarlanean hartu du erabakia gobernuak.
Kapital kontrolak uztailaren 7ra arte egongo dira ezarrita, hasiera batean. Bankuak itxita egongo dira aste osoan. Bitarte horretan 60 euro atera ahal ditu pertsona bakoitzak, eguneko eta kreditu txartel bakoitzeko. Kopuru hori aldatzeko aukera izango du Finantza Ministerioak. Neurria ez zaie ezarriko atzerriko txartelak erabiltzen dituztenei. Hots, turistei ez die eragiten, baina gerta liteke kutxa automatikoetan dirurik ez egotea.
Hasiera batean, txartel bidez egindako ordainketei ez zaie muga hori ezarriko. Hau da, saltokietan eta zerbitzuetan orain arte bezala ordaindu ahalko da, eta kontu korronte ezberdinen arteko trukeak ere orain arte bezala daude baimenduta. Interneteko bankak ere berdin jarraituko du. Muga bakarra dirua herrialdetik ateratzea izango da: debekatuta dago dirua Greziatik kanpo mugitzea. Ezarritako mugak betetzen ez dituzten bankuei debekatutako transferentziaren %10aren pareko isuna jarriko zaie. Bankuei ezarritako mugekin batera, Atenasko burtsa itxita egongo da gaur.
Neurriaren berri izan ondoren, herritar ugari bankuen bulegoetara joan dira, dirua kutxa automatikoetatik ateratzeko asmoz. Pentsioa kobratzeko asmoz bulegoak itxita aurkitu dituzte erretiratu ugarik. Kutxa automatikoak erabili ohi dituztenei zerbitzua emateko bulego batzuk irekitzea aurreikusi du Finantza Ministerioak. Arratsaldean jakinaraziko du zeintzuk.
Eurogunean kapital kontrolak ezarri diren bigarren aldia da krisia hasi zenetik. 2013. urtean antzeko neurriak jarri zitaizkien Zipreko herritarrei. Kasu horretan, pertsona eta eguneko 300 euro arte ateratzeko aukera izan zuten, eta urtebete iraun zuen neurriak. Dirua kutxetan ateratzeko muga ez zen izan bakarra. Herrialdera dirua sartzeko eta herrialdetik dirua eramateko mugak beste urtebete gehiago luzatu ziren.
Kapital kontrolak indarrean dauden bitartean Atenasko garraio publikoa doakoa izango dela iragarri du Garraio ministroak, Jristos Spirtzisek. Metro, autobus eta tranbia zerbitzuei eragingo die, baina ez aldiriko trenari. Garraio publikoa pribatizatua duten beste hiri eta herrietan ez da halakorik egingo.
Mugimenduak Europan
Ostiral gauean galdeketa bat egiteko asmoa jakinarazi zuen Greziako lehen ministroak. Troikako erakundeekin —Europako Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Banku Zentrala— egindako negoziazioak akordiorik gabe amaitu ondoren. Galdeketaren helburua troikako erakundeak egindako azken eskaintzari buruz herritarrek erabakitzea da. Gobernuak ezezkoa defendatuko du, proposatu zaizkion neurriek austeritatean sakonduko dutela argudiatuta.
Arratsaldean milaka lagun elkartu dira Atenasko hirigunean, Syrizak deituta. Austeritatearen aurka eta galdeketan ezezkoaren alde egitera deitu dute ekitaldian.
Ezohiko mugimendu batean, Atenasi aurkeztu zitzaion azken eskaintza publiko egitea erabaki zuen atzo Europako Batzordeak. Greziarrez ere eskura jartzea erabaki zuen, herritarrei informazio guztia eman behar zaiela argudiatuta.
In the interest of transparency and for the information of the #Greek people. http://t.co/jmKNqSlyET
— Jean-Claude Juncker (@JunckerEU) June 28, 2015
Berriro negoziatzeko ateak "irekita daudela" ziurtatu du gaur goizean Pierre Moscovici EBko Finantza komisarioak. Akordioa lortzeko aukera "zentimetrora" dago, Moscoviciren ustez. Erreferenduma "errespetatu beharreko momentu demokratikoa" ere badela uste du.
Nous sommes à qques centimètres d'un accord. Je souhaite que nous sortions de l'impasse. Porte ouverte aux négociations @RTLFrance#Grèce
— Pierre Moscovici (@pierremoscovici) June 29, 2015
Bihar epemuga gararntzitsua du Greziak. Batetik, bigarren erreskatearen luzapena bihar amaituko da. Besteak beste, Grezia erreskate programa baten barruan egotearekin justifikatzen du EBZk bankuei ematen dien premiazko laguntza. Bestetik, NDF Nazioarteko Diru Funtsari 1.500 milioi euro itzuli behar dizkio Greziako Gobernuak. Erreskatearen luzapenetik eskuratzeko falta zaion 7.200 miliioi euroko zatia jaso gabe, oso zail izango du ordainketa egitea.
Galdeketa egin ahal izateko, erreskatea astebete luzatzea eskatu zien Greziak Eurotaldeko beste gobernuei. Aukera hori ukatu zioten Tsiprasen gobernuari. Europako Batzordeak biharko eguna amaitu baino lehen azken eskaintza aurkezteko aukera ere aipatu da goizaren joanean, baina Bruselako iturriek ukatu dute.
Galerak burtsetan
Asteburuko zurrunbiloari erantzuteko lehen aukera izan dute gaur inbertitzaileek. Europako burtsa nagusietan galerak izan dira, baina ez da aparteko iskanbilarik sortu. Jaitsierarik handienak Italiako FTSE MIBek eta Espainiako Ibex 35 indizeak izan dituzte, balioaren %5,2 eta %4,6 galduta, hurrenez hurren. Eurostoxx 50 indizeak ere %4,2 galdu du, eta Alemaniako DAX 30ek, %3,5. Londresko burtsa ere ia %2 jaitsi da.
Europan ireki baino lehen, Asiako merkatu batzuk euroaren beherakada handi samarra aurreratu zuten gauean. Haatik, jaitsiera ez da %2ra iritsi inoiz, eta moneta bakarrak galdutako balio guztia berreskuratu du egunak aurrera egin ahala. Euro baten trukea 1,11 dolarretan zegoen merkatuen saioak ixterakoan. Hots, ostiraleko itxieran zeukan kotizazio maila berdina.