Industriarekin mintzo da Frantziako Administrazioa. Zerbait adostu ondoan laborariengana joanen direla azaldu dio Baionako suprefetak BERRIAri.
Ardi esnearen krisiari begira, administrazioak zer egin du aste honetan? Bilera bat egitekoa zen gaur...
Ez da bilerarik izanen, elkar biltzekotan ez zelako okupaziorik izan behar. Anitz mintzo gara gasnagileekin, ikusteko zer-nolako bilakaera har dezakeen egoerak. Ondotik, ekoizleen ikustera joateko engaiatu gara.
Ekoizleek ezer ez deino lortzen protestan segituko dute. Industriak protesta deino ez du hitz egin nahi. Ez ote dagokio administrazioari egoera desblokeatzea?
Orain arte blokeatua da, baina guk ahal den guztia egiten dugu egoera horretarik ateratzeko. Gai konplikatua da. Sarrarazten den esne kopurua ezin dela gutxitu erraten digute; hori hurbiletik begiratu behar dugu. CLPBri buruz, gasnagileek hobeki esplikatu beharko dute haien egitasmoa, berria bat-batean eman zutelako.
Hartu hitza errespetatzea dute eskatzen laborariek industrialei...
Akordioari buruz, lortu nahi zen helburu bat definitzen zuen. Helburua ez da lortu; orain begiratu behar da zergatik, baina juridikoki ezin da esne inportatuaren kopurua mugatu edo kontrolatu, konkurrentzia librearen jokoan garelako. Gasnategiekin ari gara ikusten zer egin. Ekoizleei begira ere, ohartzen gara hitzarmenak eta gisako tresnak ari direla gauzatzen, eta tokiko esnearen zati handi bat kontuan hartua izatea da dugun zinezko axola.
Bilerarik ez da beraz finkaturik?
Ez. Orainokoan anitz mintzo gara esnetegiekin.
Laurent Nuñez. Baionako suprefeta
«Juridikoki ezin da mugatu inportatu esne kopurua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu