Sestaoko Kaikuk 27 urte behar izan ditu Kontxan berriro nagusitzeko; bakarra nahikoa izan du burtsak Lehmanen hondoratzea gainditu eta maximoen bandera astintzeko. Duela urtebete izutu eta azokatik ihes egin zutenek kaikuarena egin dutela sentitzen dute; dezenteko arrazoiz sentitu ere. Hala ere, nekez uler daiteke egungo indizeen maila, banku zentralek eskaini duten likidezia ia infinituari erreparatu gabe. Eta bistan dena, ziaboga etor liteke momenturen batean. Besteak beste, Txinaren eta AEBen arteko gerra komertzialak merkataritzaren itsasoa nahasten badu. Nolakoa zen bizitza 11.500 puntuen bueltan? Bada 86 mila milioitik gorako kapitalizazioa duten bi patroiak dira nagusi: atzo Edurnezurik (+%0,93) agindu zuen (18,45 euroan da) eta Santander (=) mutu gelditu zen. Telecinco (+%3,76) nabarmendu zen irabazleetan, eta Banesto (-%1,53) galtzaileetan. 2.054 milioiren salerosketa izan zen ohiko merkatuan; kopuru polita.
OLHren (-%0,17) zorrak inbertsio gradua galdu du, Moody's rating etxearentzat. Zabor mailako zorra du orain Espainiako eraikuntza enpresak, ordainketak eteteko probabilitate handiago baten erakusgarri. Bere jarduera Espainiatik at dibertsifikatzeko ahaleginean, gehiegi hazi ote den beldur da Moody's. Baina negozioaren erdia bertan du, oraindik ere. Oso bestelako iritzia agertu dute txerritxo ehiztariek: aurtengo martxoan 6,5 euroz azpitik ziren akzioak; 18,05 euro balio zituen atzo. Ez dira Moody'sek aipatu marjinak estutzearen beldur.
Kaiku(ak) nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu