«Barakaldo antzokiaren aurretik pasatzen naizenean, beste aldera begiratu behar izaten dut, ez diezadaten pelikulako gaiztoa banintz bezala begiratu». Antonio Buñuelosen hitzak dira. Antzoki horretako langilea da, baina depresioarekin gaixoaldian dago, lan jazarpenagatik. «Kalbariotzat» definitu du bizitakoa. «Honi buruz hitz egitea saihesten dut, kalte egiten dit eta», dio. Atzo, ordea, salbuespen bat egin eta prentsaurrekoa eman zuen CCOOko ordezkariekin batera, gertatutakoaren berri emateko.
2008tik dator kontua. Administrazio Kontseiluak Barakaldo antzokiaren kudeaketa bere gain hartu zuen, eta bi langile kaleratu zituen. Horren aurka mobilizatu ziren langileak, eta, azkenean, epaileak ebatzi zuen kaleratzeak «bidegabeak» izan zirela. Sententziak langileak berriro hartzera behartu zuen Administrazio Kontseilua.
Orduan hasi zen «kalbarioa» Buñuelosentzat. Antzokiko taldeen koordinatzailea zen, baina bere postuari zegozkion zeregin guztiak kendu zizkioten. Gela batean pasatu behar izaten zuen lanaldi osoa, lanik, argi naturalik, berogailurik, telefonorik, paperik eta boligraforik gabe. Zuzendariaren esanetan, halakorik ez baitzuen behar. Lantokitik ateratzea ere debekatu zioten, eta lan hitzarmenetik kanpo geratu zen; ondorioz, baita soldata igoerarik gabe ere.
«Oso pentsatuta zuten langileak berriro hartuz gero, batez ere Buñuelos, egoera jasanezin eginaraztea, beraiek utz zezaten lana», esan dute CCOOko kideek.
Egoerak bultzatuta, depresioan erori zen Buñuelos. Sindikatuak gertatutakoa salatu zuen Lan Ikuskaritzan, eta hark 100.006 euroko zigorra proposatu du Gonzalez Centeno zuzendariarentzat, «subjektu arau-hauslearen nahikotasunagatik eta langileari eragindako kalteagatik».
Dagoeneko kargutik kendu dute Centeno. Erabakia alkateak hartu zuen, kalitateko botoarekin. Izan ere, bozketan berdinketa izan zen kargutik kentzearen aldekoen eta aurkakoen artean. PSE-EEk eta ANVk eman zuten kargutik kentzearen aldeko botoa, eta EAJk, PPk eta EBk aurkakoa. CCOOk gaitzetsi egin du azken horien jarrera, eta Centenok ondorioak ordain ditzan bide penala erabiliko duela esan du.
«Kalbarioa izan da»
Barakaldo antzokian jasandako lan jazarpena azaldu du Antonio Buñuelos beharginak. Epaileak 100.000 euroko zigorra proposatu du zuzendariarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu