Kalean lan duin eske

2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroan gertatzen ari diren kaleratzeen eta lana erregulatzeko espedienteen aurka, atzo Iruñean mila lagun baino gehiago atera zen kalera. Kayaba enpresako langile batzordeak egin zuen manifestaziorako deia, eta hari beste hainbat enpresatako langileak gehitu zitzaizkion: Eulen, Ciclo Integral, KWD, Nafarroako Ospitaleko sukaldeko langileak, Industrias Esteban, Faurecia, Kypse, Dornier, Sunsundegui, Dynamobel eta Azkar.

Nafarroan kaleratze gehiagorik ez. Lana banatu, ondarea banatu leloa idatzia zuen pankartari eutsiz abiatu ziren autobus geltoki zaharretik manifestariak. Euria ari zuen arren, eguraldi txarrak ez zituen izutu, eta frankok familiarekin egin zuten Gaztelu plazarainoko ibilbidea. Bidean hainbat aldarrikapen eta salaketa entzunarazi zituzten: «Erregulazio espedienteak zuzendaritzarentzat»; «ez, ez, ez, despidorik ez»; edota «ez da dirurik falta, lapurrak daude soberan»...

Behin Gaztelu plazan, langile batzordeetako ordezkariek egoera salatu zuten. Iñaki Goldarazena Kayabako lan batzordeko presidenteak salatu zuen «krisiaren aitzakian» enpresak «benetako enpresa terrorismoa» egiten ari direla. «Langileok garaipen asko lortu genituen, eta hori guztia kentzen ari zaizkigu orain krisiaren aitzakian, jendea lana galtzeko beldur delako».

Kayabako lantegietan lan egiten duten 220 langileetatik 47 kaleratu nahi ditu zuzendaritzak. Urtarrilaren 3tik greba mugagabean daude. Langile horien soldatak euren gain hartzeko prest daude gainontzekoak, baina Kayabak ez du proposamena onartu. «Egoera txarra da, baina langile guztiak enpresan gelditzea nahi dugu». Etzi biltzekoak dira bi aldeak.

Nafarroako Ospitaleko sukaldeko zerbitzuetan lan egiten dutenen etorkizuna ere kolokan dago. Gobernuak zerbitzua pribatizatu eginen du, eta sukaldeetan lan egiten duten 200 langileak kalera joan daitezke. Gehienak behin-behineko kontratuekin ari dira, eta lana galtzeko beldur dira. «Hamazazpi urte daramat ospitaleetako sukaldean lanean, behin-behineko kontratuekin. Zerbitzua pribatizatzean, kaleratu eginen gaituzte. Zaborra bezala tratatzen gaituzte», zioen pankartaren atzetik Carmen Riosek, sukaldean aritzen den 44 urteko langileak.

Iruñeko lorategiak moldatzeaz eta zaintzeaz arduratzen dira Eulen eta Ciclo Integral, eta enpresa horietako langileen egoera ere ez da samurra. Udalak %20 gutxitu du hiriko gune berdeak mantentzeko aurrekontua, eta bi enpresa horiek kaleratzeak iragarri dituzte. Eulenek 23 langile bota nahi ditu, eta Ciclo Integralek, bederatzi. Urte hasieratik langileak greban daude, eta greba bertan behera utzi arte ez duela deus negoziatuko esan die zuzendaritzak. «Krisia langileok bakarrik ari gara ordaintzen. Etekinei eusteko helburuarekin kaleratu nahi dituzte langileak», esan zuen Itziar Vegasek, Euleneko langileak.

Nafarroan aberastasun nahikoa badela aldarrikatu zuten manifestariek, eta enpresaburuak eta UPN-PSNko gobernua egin zuten egoeraren erantzule.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.